Gazte Topagune Sozialista aurkezteko bi egunetako egitaraua prestatu dute

Nerea Uranga

Aurtengo Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpena, Elizondon (Nafarroa). (GKS)

IASk eta GKSk antolatuta urriaren 9tik 12ra egingo dute Gazte Topagune Sozialista Elizondon. Topagune hori aurkezteko bi egunetako egitaraua prestatu dute Azpeitian irailaren 25erako eta 26rako. Askotariko jarduerak egingo dituzte: tailerrak, pilota partidak, kontzertua, erakusketa, hitzaldiak edota bakarrizketak.

Gazte Topagune Sozialista egingo dute urriaren 9tik 12ra bitartean, Elizondon (Nafarroa), IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak antolatu dute, Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, gazte langileok sozialismoa eraiki lelo hartuta. "Euskal Herriko gazte langileok elkartzeko helburuarekin egiten dugu Topagunea eta bertan gaur egungo auzi ezberdinen inguruan hausnartuko eta eztabaidatuko dugu. Gazteok sozialismora bidean indarrak batzen jarraitu behar dugu", adierazi dute Gazte Topagune Sozialistaren antolatzaileek.

Gazte Topagune Sozialista aurkezteko, bi eguneko egitaraua prestatu dute ostiralerako eta larunbaterako Azpeitian. Askotariko jarduerak egingo dituzte, eta gazteak ekitaldi horietan parte hartzera nahiz Gazte Topagune Sozialistara joatera animatu dituzte. "Azpeititik eta eskualdetik autobusa antolatuko dugu Elizondora joateko, baina oraindik ordutegia zehazteko dago. Topagunerako sarrerak, ordea, eskuragai daude honako loturan", azaldu dute GKSkoek.

Egitaraua:

Irailak 25, ostirala.

  • 17:00. Erakusketa, plazan.
  • 18:30. Hitzaldia, Azoka Plazako aretoan.
  • 20:00. Bakarrizketak: Aitor Basarrate eta Julen Pagazaurtundua, Haginpe tabernan.

Irailak 26, larunbata.

  • 17:00. Tailerrak: serigrafia, zeramika eta joskintza. Plazan.
  • 18:30. Pilota partidak, Frontoi Txikian.
  • 20:00. Kontzertua: Nora eta Jokine. Plazan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide