Gizonak ondo, emakumeak ez horrenbeste

Aitziber Arzallus

Lagun Onakeko jokalariak Intxaurdiren kontrako partida hasi aurretik. (Lagun Onak)

Emakumeek, ligako lehen jardunaldian, 0-4 galdu dute Intxaurdiren kontrako partida; gizonek, aldiz, 1-0 irabazi diote San Ignaciori, ligako hirugarren jardunaldian.

Asteburu gazi-gozoa izan da Lagun Onakentzat. Gizonen zein emakumeen talde nagusiek, biek, etxean jokatu dute; gizonek zapatu arratsaldean San Ignacio hartu zuten etxean, ligako hirugarren jardunaldian; eta emakumeek Intxaurdi, atzo arratsaldean, ligako aurrenekoan. Jose Luis Riberaren jokalariek 1-0 irabaztea eta hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuten; ez, ordea, Aitor Larbururenek, 0-4 galdu baitzuten.

Gaizki zelairatu ziren Azpeitikoak, eta Gasteizko nagusi izan ziren partidaren lehen minutuetan, gol aukeraz sortuz. Hala ere, ez zuten atea zulatzerik lortu, eta 20. minutura iristerako, falta batean, etxekoek aurretik jartzea lortu zuten. Sanchezek egin zuen jaurtiketa eta aurkarietako bat ukitu ostean sartu zen baloia atera. 

Bigarren zatian hobeto zelairatu ziren Riberaren jokalariak, eta partida erabakitzeko aukerak ere sortu zituzten, baina ez zuten asmatu. Hala ere, markagailuan aurretik iritsi ziren norgehiagokaren bukaerara, eta etxean gelditu ziren jokoan zeuden hiru puntuak. Datorren asteburuan Santurtzi izango dute aurkari.

Emakumeak, berriz, ondo zelairatu ziren eta lehen zatia oso parekatua izan zen. Etxekoek izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko aukerak ere, baina atezainaren aurrean ez zuten asmatu, eta hutsean berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian, ordea, intentsitate txikiagoarekin atera ziren berdegunera Larbururen jokalariak, eta markagailuan laster antzeman zen hori. 59. minutuan lehen gola jaso zuten, eta hortik aurrera, asko kostatu zitzaien baloiarekin jokatzea. 70. eta 71. minutuetan beste bi gol jaso zituzten, eta laugarrena jaso zuten 90. minutuan. Hurrengo zapatuan Touringen kontra jokatuko dute Errenterian. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide