Datorren astebururako ibai eta basoekin lotutako bi jarduera antolatu dituzte Azpeitiko Ekoetxekoek. Larunbatean, irailaren 26an, Uraren bideak: Granada Erreka izeneko bisita ibiltaria egingo dute. Pertsona helduei zuzendutako jarduera izango da, eta 10:00etatik 13:00etara egingo dute, Aizarnazabalen Granada Errekak eta Urola ibaiak bat egiten duten tokitik abiatuta. Ibilaldi horretan parte hartzen dutenek, Uraren Ibilbideak gertuagotik ezagutu argazki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Horregatik, ibilbidera doazenak argazki kamera eramatera animatu dituzte. Gidatutako bisita honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da Ekoetxearen webgunean.
Iganderako, irailaren 27rako, berriz, Ibar-basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gordelekua erakusketa ikusteko aukera izango da Ekoetxean, 10:30etik 12:30era bitartean. Erakusketa ikusi ondoren, parte hartzaileek Urola ibaiaren inguruan ibilbide gidatua egingo dute, ibar-basoa ezagutuz. Ekoetxekoek azaldu dute adin guztietarako egokia den oinezko bidetik egingo dutela ibilbidea. Doan da parte hartzea, baina aurretik izena eman beharko da Ekoetxearen webgunean.