Jone Arriaranek eta German Aranburuk irabazi dute Lizartzako Dantza Solte Txapelketa

Ihintza Elustondo

German Aranburu eta Jone Arriaran, igandean, txapela jantzita. (Utzitakoa)

Beste txapel bat jantzi du bolada ezin hobean dabilen bikoteak. Bigarren, Julen Lertxundi eta Nora Davila sailkatu dira, eta hirugarren, Danel Castillo eta Irati Larrañaga. 

Lizartzako Dantza Solte Txapelketa jokatu zuten igandean Lizartzan (Gipuzkoa), eta azkenaldian bolada ezin hobean dabilen Azpeitiko bikoteak jantzi zuen han ere txapela: Jone Arriaranek eta German Aranburuk osatutako bikoteak, hain zuzen ere. Bigarren, Julen Lertxundi (Asteasu, Gipuzkoa) eta Nora Davila (Villabona, Gipuzkoa) sailkatu ziren, eta hirugarren, Danel Castillo (Pasai-Donibane, Gipuzkoa) eta Irati Larrañaga (Andoain, Gipuzkoa). 

Guztira, sei bikote izan ziren lehian. Bikoteek zortzi pausoko fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten, trikitilarien laguntzarekin. Epaimahaiak pausoak, goikaldeko mugimendua, alderdi artistikoa, eta melodia-erritmoa izan zituen kontuan puntuak ematerakoan. Lehen hiru sailkatuen ostean, besteen sailkapenik ez zen izan; zozketa bidez zerrendatu zituzten sari banaketa ekitaldian. Hauek izan ziren txapelketa osatu zuten bikoteak: Onditz Esnaola (Lizartza) eta Gorka Granado (Sopela, Bizkaia); Ione Aranberri (Itziar, Deba, Gipuzkoa) eta Beñat Mendizabal (Azpeitia); eta Amane Uranga (Tolosa, Gipuzkoa) eta Ioritz Iriarte (Lesaka, Nafarroa).

Tolosaldeko Ataria-k txapelketaren bideoa egin du, eta hemen ikus daiteke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide