Urola ibaian, German Alberdi ibilbidearen parean, zabor kopurua handia pilatzen dela salatu du Eguzkik

Aitziber Arzallus

Hondakin piloa Urola ibaian, German Alberdi ibilbidearen parean. (Eguzki)

Talde ekologistaren arabera, "isurketa puntu iraunkor bat" da German Alberdi ibilbidearen parekoa, eta adierazi du halaxe baieztatu diotela bizilagunek ere. Azpeitiko Udalari eta Uraren Euskal Agentziari berehala esku hartzeko eskatu die.

Eguzki talde ekologistak salatu du Urola ibaian "hondakinen isurketa puntu iraunkor bat" dagoela. Zehaztu du German Alberdi ibilbidean gertatzen dela zabor metaketa hori, Perez Arregi zubiaren eta Foru pasealekuaren arteko tartean, hain zuzen, eta talde ekologistaren arabera, zenbait bizilagunek "arazo kronikotzat" jo dute puntu horretan gertatzen dena.

Eguzkik ziurtatu du 70 bat metroko tartean pilatzen dela zaborra, "zabor kopuru handia", eta denetarik topatu duela: "Plastikozko poltsak; flan, jogurt eta eskuetako kremen ontziak; marmeladarentzako kristalezko ontziak; freskagarri eta garagardo latak; esne zein ardo tetrabrikak; garbigarri eta lixiba ontziak; arrautzontziak eta elikagai hondakinak; aldizkariak; plastikozko edalontziak; ardo botilak; eta tabernako aulki bat ere".

German Alberdi ibilbidearen parean dagoen zabor bolumenaren lekukotasuna uzteko eta urak eramatea eragozteko, erakundeko kideek hondakin horiek bildu eta plastikozko poltsetan utzi dituzte  ibaira jaisteko eskaileretan, eta honako bideo bat ere jarri dute ikusgai:

Talde ekologistak adierazi duenez, inguruko hainbat bizilagunek helarazi diote puntu horretan gertatzen dena ez dela noizbehinkako kontua, "irtenbiderik eman gabe denboran luzatzen ari den egiturazko isurketa kroniko bat baizik".

Horregatik guztiagatik, Eguzkik auzian eskumenak dituzten erakundeei, hala nola Azpeitiko Udalari eta Uraren Euskal Agentziari (Ura), beren erantzukizuna beren gain hartzeko eskatu die, arazoari erro-errotik aurre egiteko helburuarekin. "Kontua ez da soilik botatakoa kentzea, gizalegearen aurkako eta legez kanpoko praktika honi behingoz errotik aurre egitea baizik.

Zentzu honetan, Eguzkik, "modu ofizialean", bi galdera bota dizkie Azpeitiko Udalari eta Urari: "Zer zaintza, ikuskapen eta prebentzio neurri zehatz hartzeko asmoa daukazue  berehala isurketa puntu hau behin betiko errotik kentzeko? Zer jarduera plan koordinatuko duzue bi erakundeen artean Urolako ibaibidea osasungaitza den zabortegi gisa erabiltzen jarraitzea eragozteko?". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide