Trenbideko su txikiekin kezkatuta

Maialen Etxaniz

Lurrun trenaren txinpartekin erretako gune bat. (Utzitakoa)

Lurrun trenak sortutako txinpartek trenbide inguruan su txikiak eragiten dituztela salatu dute Azpeitia eta Lasao arteko hainbat baserritarrek. "Zerbait larriagoa gertatu aurretik" neurriak hartzeko unea dela nabarmendu dute. 

Lehorra joan da aurtengo uda, eta beroaldiak buruhauste ugari eragin ditu eskualdeko baserritarrengan. Baratzeak ureztatzeko eta abereei bazka emateko nahikoa lan ez, eta beste kezka batek janda bizi izan dituzte azken hilabeteak Lasao aldeko baserritarrek. Izan ere, alerta egoeran pasatu dute uda, Trenbidearen Euskal Museoko lurrun trenak piztutako su txikiekin kezkatuta. Lurrun trenak Azpeitia eta Lasao arteko trenbidean sortzen dituen txinpartak inguruko belardietan eta sasietan su txikiak pizten dituela adierazi dute zenbait baserritako bizilagunek, eta egoeraren larriaz jabetuta erabaki dute salaketa herriratzea. "Berehala hartu behar dira neurriak, zerbait larriagoa gertatu aurretik", diote. 

"Lotsagarria". Hori da egoera zein den azaltzeko erabili duten hitza. Adierazi dutenez, trenbide bazterrak "batere zaindu gabe" daude, belarrak janda. Horrek sua pizteko arriskua areagotzen du, eta horregatik eskatzen dute inguruak txukuntzeko eta beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartzeko. Konponbide bila erakundeetara jo dutela adierazi dute, baina ez dute aterabidea emango duen erantzunik jaso, oraingoz. "Udaltzaingora, udalera, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara joan gara egoera azaltzera, baina inork ez du ezer egiten. Elkarri pasatzen diote ardura. Euskal Trenbide Sarearen ardura da Urolako trenbidearen azpiegitura, eta askotan eskatu diogu errailak garbitzeko, oso zikin eta sastrakaz beteta daudelako. Trenbidea garbitzeko dirurik ez dutela esan digute, baina orain, zer diren gauzak, bestelako obrak egiteko atera dute dirua", adierazi du baserritarretako batek. Hain zuzen, duela gutxi egin dituzte berritze lanak Lasaoko tren geltoki zaharraren inguruan, museoko trenarentzat kaltegarria zen ekipamendua berritzeko, besteak beste. Bizilagunen arabera, Azpeitiko eta Lasaoko lurrez arduratzen den basozainak egoeraren berri ematen duen txostena igorri dio aldundiari. "Aldundiak, baina, Euskal Trenbide Sareari pasatu dio pilota", diote.

 

Aspaldiko kontua

Aurtengo udan ohi baino gehiagotan piztu dira su txikiak trenbidean eta horrek eraman ditu auzotarrak egoera herriratzera, baina nabarmendu dute arazoa aspaldikoa dela. "Duela 20 urte ere berdin ginen", dio baserritarretako batek. Horren adibide dira instalatuta dituen mahukak. Kontatu du metro luzeko mahuka duela jarrita baserrian, sua piztuz gero azkar itzaldu ahal izateko. Izan ere, esperientzia txarrak izan dituzte aurrez, nahiz eta aitortu duten azken hamarkadan "nahikoa baretuta" egon dela su-arriskua. "Duela bi urtetik hona, ordea, okerrera egin du egoerak eta aurtengoa, dagoeneko, lotsagarria da", azpimarratu dute. Kaltetuen arabera, abuztuan zehar bost aldiz piztu ziren suak. "Normala al da, lehorte eta beroaldi garai betean, trena martxan egotea, jakinda hilabete bakarrean bost aldiz piztu direla suak inguruotan? Erabat arduragabea da lurrun trenaren zerbitzua eskaintzen dutenen partetik", adierazi dute baserritarrek. Hain zuzen, museoko trenak egiten dituen irteerak murriztea edo egun batzuetan bertan behera uztea posible dela nabarmendu dute, garbiketa lanak egin ez arren, "behintzat" arriskua prebenitzeko. Era berean, adierazi dute noiz edo noiz pestizida isuri izan dutela trenbide inguruan, eta horrek su-arriskua areagotzen duela. 

Udan sute arriskua handiagoa da, baina neguan ere arazo bera izaten dutela diote. Kaltetuek salatu dutenez, uneoro tentsioan bizi dira, trena noiz pasatuko, begira, bazterrak erreko direnaren beldur. Izan ere, diote, bizilagunak arduratzen dira gehienetan suak itzaltzeaz. Hala ere, nabarmendu dute suhitzaileek "ondotxo" ezagutzen dutela zein den egoera: "Udaltzainek, suhitzaileek eta udalak badakite zer gertatzen den hemen, askotan jarri baikara haiekin harremanetan". Azpeitiko Udaltzaingoak baieztatu du hainbat izan direla trenbideko suez jaso dituzten abisuak.

"Neurririk hartu ezean, egoerak eskuetatik alde egin eta sute handi bat piztuko da. Alde handia dago non pizten den sua, eta hori ez du inork erabakitzen; ez dago jakiterik trenak non botako dituen txinpartak, eta metro gutxiren barruan, kaltea bikoitza izan daiteke, mendi osoa erretzeraino", adierazi du kaltetuetako batek. Inguruko larreetara eta mendietara ez ezik, kalteak baserritarren lurretara iristeko aukera ere handia dela nabarmendu dute. "Eta gero, zer? Batzuk baratzeak dituzte, besteek txakurtegia, etxebizitzak ere hor daude. Kaltetzen badira, zer?", diote, haserre. "Mirariak Lourdesen ez, miraria hemen gertatu da aurten".

Ke beltza, "onartezina"

Lurrun trenak botatzen duen keaz ere kexu dira baserritarrak. Haien hitzetan, "gaur egun leku askotan mugatuta dago" museoko lurrun trena martxan jartzeko erabiltzen duten ikatza, "oso kutsakorra" baita. "Damasoko bizilagunek ere badakite hori. Etxe batean baino gehiagotan nabaritu dute kaltea". Gaur egun, Europako trenetan ezin da ikatz minerala erabili merkataritza-garraio erregularrerako, eta soilik tren historiko edo turistiko jakin batzuetan erabil daiteke.

Hori dela eta, museoko tren zerbitzuaren eraginak berrikusteko eta neurriak hartzeko galdegin dute. "Trena pasatzen den aldiro, airea kutsatzen eta bazterrak zikintzen ditu. Erakundeek jasangarritasuna aldarrikatuko dute gero, eta natura zaindu behar dela adierazi, baina bitartean, haiek dira ke beltz kutsakorra isurtzea eta trenbide bazterrak erretzea posible egiten dutenak. Eredu izan beharko lukete. Bada garaia neurriak hartzeko". Dena den, nabarmendu dute ez daudela trenaren kontra, ezta museoaren aurka ere, baina gauza batzuk berrikusi beharra azpimarratu dute.

Lurrun trena (Burdinbidearen Euskal Museoa).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide