Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak hainbat hitzordu prestatu ditu datozen hilabeteetarako, eta horietako hainbat Azpeitian eta Zarautzen egingo dituzte. Hain zuzen ere, aste honetan hasi eta abendura bitarte, hainbat jarduera egingo dituzte minbizia duten herritarrak eta haien senideak artatzeko. Horien artean, arreta zerbitzuak eta beharrezko materialen mailegua eskainiko dituzte, besteak beste.
Azaroan 3an, 18:30ean, Enparan kaleko egoitzan arnasketa saioa eskainiko dute. Horrez gain, irailean, urrian eta azaroan, hilean behin –irailaren 30ean, urriaren 20an eta azaroaren 25ean–, ikastaro bat eskainiko du elkarteak online. Hain zuzen ere, nikotina kontsumitzeko modu berrien inguruko ikastaroa izango da, eta bi taldetan banatuta egingo dituzte saioak; alde batetik, hezitzaileak eta irakasleak; eta bestetik, gurasoak. Urriaren 16an, berriz, Euskadi Minbiziaren Aurka kongresuaren laugarren edizioa egingo dute Donostian.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskainitako jarduera guztiak doakoak izango dira, eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkide izatea horietan parte hartzeko. Hala ere, aldez aurretik eman behar da hitzorduetarako izena, 943-45 77 22 zenbakira deituta edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat idatzita. Informazio gehiago elkartearen webgunean aurkitu daiteke.