Gorbeia Suzien mendi lasterketa jokatuko dute Zeanurin hasita (Bizkaia) datorren larunbatean, eta han lehiatuko diren goi mailako korrikalariek Arratia eskualdeko hainbat mendi tontor igoko dituzte; tartean, Gorbeia. Era berean, Skyrunner zirkuituko hemeretzigarren proba ere izango da lasterketa, eta han lehiatuko diren deialdiaren berri eman du euskal selekzioak: besteren artean, Kiara eta Ibai Angulo anai-arreba azpeitiarrak hautatu ditu.
Ohiko moduan, bi proba jokatuko dituzte Gorbeia Suzien lasterketaren barruan: lasterketa luzean, 2.400 metroko desnibela duen 32 kilometroko ibilbidea osatuko dute korrikalariek, eta horien artean izango da Kiara Angulo. Selekzioak honako beste korrikalari hauekin sartu du azpeitiarra deialdian: Sara Gutierrez, Ainara Alcuaz, Ainhoa Garikano, Leire Uribe, Irune Velez, Ander Amonarriz, Iraitz Legorburu, Aitor Ajuria, Paul Ormaetxea, Oier Zubeldia, Anartz Artola eta Hodei Samaniego. Ibai, bestalde, 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela dituen lasterketan lehiatuko da, eta hark Beñat Albisu eta Lola Oiarzarbal izango ditu lagun selekzioarekin.
Lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da, besteak beste, EITBn.