Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute datorren ostiralean, urriaren 2an, Azpeitiko Azoka Plazan. Liburuaren egileetako bik Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak parte hartuko dute aurkezpen-solasaldian. Beraz, Euskal Herriko zuhaitzen inguruan jakin-mina dutenek aukera izango dute horretarako.
Euskal Herriko 116 zuhaitz eta arbola espezie ageri dira liburuan, eta bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak eta izurriteak azaldu dituzte. Errekondok eta Arriolabengoak Iñaki Etxebesterekin eta Dani Blanco argazkilariarekin egin dute liburua, eta diseinuaz Unai Gaztelumendi arduratu da. Hiru hitzaurrek, hainbat adituren artikuluk, 1.096 argazkik, 100 ilustraziok eta 86 mapak osatzen dute Argiak kaleratu duen lan mardula.
Urriaren 2ko Azpeitiko liburuaren aurkezpen saioa Argia aldizkariak Azpeitiko Udalarekin batera antolatu du. Izan ere, argitalpenak Euskal Herriko 57 erakunderen laguntza jaso du, eta horietako bat da Azpeitiko Udala.