Animaliazalea
Natura eta animalia zalea da Jon Larrañaga (Azpeitia, 1992) betidanik; etxetik datorkio. Gazteagotan, sarritan ikusten zituen animalien inguruko dokumentalak, lagunekin lokalean edo etxean, eta horrek piztu zion animaliei nahiz paisaiei argazkiak ateratzeko grina. 2015ean erosi zuen aurreneko kamera, baina ibilian-ibilian konturatu zen hark ez ziola balio distantzia luzeagoetan aritzeko. Materiala berritzen eta gaitasunak hobetzen joan da azken urteotan, eta gaur egun argazkilari afizionatua den arren, irudi ederrak ditu artxiboan.

Erle txorien bizitasuna; putrearen elegantzia
Larrañagaren argazki bilduman erle txorien irudi ugari daude, eta horietako batek ezin zuen falta bilduma honetan (sarreran). "Kolorez betetako txoriak dira erle txoriak, bizi-biziak eta oso harrapakari onak", kontatu du argazkilariak. Irudian, bi txori ikus daitezke, eta batek erlea darama ahoan, harrapatutako jakia ondokoari emateko plantan. "Azkenean, berak jan zuen erlea".
Goiko irudian, berriz, putre dotorea ikus daiteke. Urbasan (Nafarroa) atera zuen irudia, goizean goiz. "Putreari beti esleitzen zaio gaiztoaren fama, eta horren kontra egiteko aukeratu dut argazkia", dio.

Dantzaren erritmora
Gazteizko Salburuan ateratako argazkia da hau. Murgil handi parea ageri da bertan, arra eta emea, elkarrekin egin ohi duten gorteatze dantzan. Gorte dantza deritzo animaliek elkar erakartzeko egiten duten mugimenduari. "Udaberrian elkarrekin dantzan hasten dira, eta badago une bat lepoko lumak harrotzen dituztena. Une hori harrapatu nuen, ur azpitik alga bat hartu berri zutenean. Udaberrian egindako argazkia da, hegaztiak bizien egoten diren garaiaren adierazle".

Urola ibaiaren bazterretan
Sanjuandegitik Loiolara bitartean, Urola ibaiaren ertzean, paseorako leku ederra dago, eta berez, martin arrantzalearen ohiko bizitokia da. Horietako batzuk argazkietan harrapatzera atera zen Larrañaga egun batean, baina bestelako sorpresa batekin topatu zen: hori kolorez jantzitako amilots urdin batekin. Amilots urdinek papar zuria izaten dute, baina argazkikoak, loreen polena jan ostean, horixka zuen. Argazkia bitxia bezain ederra delako eta bere amaren gustukoenetako bat delako aukeratu du Larrañagak bildumarako.

Belatz gorrien atzetik
Belatz gorriak ikustea nahikoa ohikoa da Azpeitia inguruotan. Ezagunak dira Esklabetako eraikineko belatzak, argazkilari askoren arreta piztu dutenak. Horiei ere argazki asko ateratakoa da Larrañaga, baina bildumarako beste irudi bat aukeratu du. Honako hau Oñatzen ateratakoa da. "Zeru zuriarekin kontrastean, ederki ikusten da belatz gorriaren detailerik txikiena, baita lumajea ere, hegoetakoa nahiz atzeko aldekoa. Bereziki elegantea da belatz gorriaren atzeko lumajea", azaldu du azpeitiarrak.

Gustukoena, ugatza
Ugatza da Larrañagaren hegazti maiteenetako bat, "oso berezia, desberdina eta elegantea baita". Ugatzen populazioa "oso urrituta" egon dela dio azpeitiarrak, eta haien bila hainbat irteera egindakoa dela kontatu du. "Ez da erraza ugatzei naturan libre dabiltzala argazkiak ateratzea; hori dela eta, askotan argazkilariak artxaretara joaten dira, ugatzak jaten ari diren bitartean haien irudiak hartzeko. Aukeratu dudan argazkian, mendian hegan harrapatu nuen ugatza; zortez, haizea alde izan nuen", dio.

Ederra ez dena ere bai
Kurrilloak ikus daitezke goiko argazkian, Teruelgo (Espainia) Laguna de Gallocanta izeneko parkean. "Ez da daukadan argazkirik ikusgarriena, baina badauka bere berezitasuna; izan ere, erdi-erdian agertzen den kurrilloak hanka bakarra dauka. Atera eta gero ohartu nintzen", kontatu du. "Gizakion eta gizartearen kalteen erakusle da".

Argi-ilunak, mihisea margotzeko
Larrañagak ateratako argazki askotan animaliak izaten dira protagonistak, baina ez beti modu berean. "Batzuetan, animalia bera erretratatzera joaten naiz; haren ezaugarriak, mugimenduak, hegaldiak... Baina beste batzuetan, saiatzen naiz animaliaren bueltan dagoenarekin jolasten: argi-ilunekin, simetriarekin, kontrasteekin... Kasu honetan, zikoina bat ageri da erdi-erdian, baina paisaian integratuta dago eta argazkia osotasunean da polita". Paisaia argazkien zalea ere bada azpeitiarra.

Koartzatxo txikia, soinekoz jantzia
Duela bost urte Plaiaundin (Irun, Gipuzkoa) ateratako argazkia da goikoa. Koartzatxo txikia izenez ezaguna den animalia ikus daiteke irudian. "Ilun zegoen, eta hain zen zuria hegaztia, uretan islatzen zen haren irudia. Gainera, paparreko ileei esker, badirudi soinekoa edo bufanda daramala jantzita", dio argazkilariak. Irudi elegantea, zinez.