Angel Otaegi oroitu dute Nuarben, haren hilketaren 51. urteurrenean

Aitziber Arzallus

Gaur 51 urte bete dira Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra fusilatu zituenetik. Haiek gogoratu dituzte Nuarbeko hilerrian eta frontoian egindako ekitaldietan.

Duela 51 urte, gaurko egunez, 1975eko irailaren 27an, Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra fusilatu zituen, baita FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena ere. Gertaera haiek gogoan, eta urtero egiten duten gisan, Angel Otaegi oroitu dute Nuarbeko hilerrian haren hilketaren 51. urteurrenean.

Hilerrian lore eskaintza egin eta gero, Nuarbeko frontoian egin dute ekitaldia Sortuk deituta, Euskal Herriko 50 herritako baino gehiagotako plazetan egin duten modu berean, Loturak askatzera! lelopean. Musikarik, dantzarik eta poesiarik ez da falta izan ekitaldian, baina horrez gain, atzera begira jarri eta bost hamarkada hauei nolabaiteko errepasoa emateko ere baliatu dute aukera, eta baita aurrera begira jartzeko ere.

Nabarmendu dute Txikiren eta Otaegiren erailketekin erregimenak Espainiar Erreinuan zabaltzear zen trantsizio deiturikoaren mugak markatu nahi izan zituela, eta bide batez, bere askatasunaren alde borrokan ari zen herria eskarmentatu, nazio askapen prozesua errotik eten, baina ez zutela lortu. "Ez zuten lortu nazio askapen mugimenduak garaiaren irakurketa politiko zuzena egin zuelako. Baina, batez ere, borrokan jarraitu zuelako. Nazio askapen mugimendua zerbait bada borroka komunitate bat delako".

Adierazi dute nazio askapen mugimendua, borroka komunitate bat izateaz gain zerbait izan bada, "agertoki berriak imajinatu eta agertoki horiek posible egin dituen mugimendua" izan dela. "Baldintza guztietan borrokatu dena, eta nahi baino polikiago eta nekezago bada ere, bere borroka ibilbidean aurrera egiten ari dena". Munduan eskuin muturraren indarra eta joera autoritarioak areagotzen ari diren honetan, baina, Euskal Herria salbu ez dagoela azpimarratu dute. "Ordea, Euskal Herrian bestelako mundu bat posible dela erakusten ari gara borrokarekin".

Datorren ikasturte politikoa "determinantea" izango dela ere nabarmendu dute, eta hiru izango direla erronka nagusiak. Lehenengoa: "Preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratze prozesua helmugara eramatea". Bigarrena: "Estatus politiko berrien eztabaidarekin, lortu asmo duguna: burujabetza osoaren bidean, Euskal Herriarentzat baldintza eta gaitasun berriak eskuratzea". Eta hirugarrena: "Dagoeneko zabaldua dagoen hauteskunde zikloa; eta helburuak argiak dira: alde batetik, herri gisa, ultraeskuina geratzea, bloke erreakzionarioari atea ixtea, eta Hego Euskal Herriaren kasuan, aukera leihoa zabalik mantentzea; eta bestetik, mugimendu gisa, gure proiektu politikoa hedatzea eta gure eragin gaitasuna areagotzea, baita Azpeitian ere". 

Euskal Herriak, beste behin, "garaiak eskatzen duenaren neurrira" egon beharko duela adierazi dute. "Euskal Herria gai izango da Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten horien oinordeko politikoak gelditzeko. Baina, batez ere, Euskal Herria gai izango da urtetako borrokaren bidez erein ditugun baldintza politikoak baliatu eta egunez egun eraikitzen ari garen Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunaren bidean urrats berriak egiteko".

Ekitaldia bukatuta, Nuarbeko frontoian bertan egin duten bazkariarekin borobildu dute aurtengo Gudari Eguna. 

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta utzitakoak)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide