Agirrezabala Nafarroako Erremonte Txapelketaren finalera sailkatu da hirugarrenez jarraian

Ane Olaizola

Igor Agirrezabala —eskuinetik bigarrena— Nafarroako txapelketa itzulerako finalerdian. (Jai Alai)

Azpeitiarrak Urteaga lagun duela jokatuko du finala datorren larunbatean Zubirin, eta bikoteak iazko txapeldunak izango ditu berriz aurrez aurre kantxan: Otxandorena-Otano.

Igor Agirrezabala matxinbentarra Nafarroako Erremonte Txapelketaren finalera sailkatu da hirugarrenez Urteaga bikotea lagun duela. Erremontistek joan den asteburuan jokatu dute finalerdiaren itzulerako partida Zangozan Sagaseta-Mitxeo bikotearen aurka, eta joanekoan egin zuten bezala, azpeitiarrak eta doneztebearrak 35-23 irabazi dute norgehiagoka erabakigarria.

Joaneko partidan lortutako errentarekin joan zen Agirrezabala-Urtea bikotea itzulerako partidara, baina aurkari gazteek indartsu eta estrategia egokiaren hasi zuten neurketa, eta hasierako minutuetan, Sagaseta-Mitxeo aurretik jarri zen markagailuan. Ordea, bikote beteranoa jokoan bete-betean sartu zenean, partidak bestelako norabide bat hartu zuen, eta azkenean, Agirrezabala-Urteak eskuratu zuen beste behin finalerako txartela. 

Bikoteak datorren larunbatean jokatuko du finala Zubirin iazko txapeldun Otxandorena-Otanoren aurka. Azpeitiarrak eta doneztebearrak hirugarren urtez segidan jokatuko dute Nafarroako txapelketaren finala, eta aurreko aldietan txapelak ihes egin ondoren, aurten arantza kentzen saiatuko dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide