Azken asteetako norabide antzekoan jarraitzen dute Lagun Onak futbol klubeko gizonen zein emakumeen talde nagusiek ligan: aurreko jardunaldian bezala, garaipena erdietsi dute Espainiako Hirugarren Mailako gizonek, Santurtziren etxean 0-1 irabazita; aldiz, emakumeei oraingoan ere ihes egin die garaipenak, eta Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailakoek 0-2 galdu dute Touring taldearen aurkako norgehiagoka.
Gora begiratzen lagunduko dizkien hiru puntuak eskuratu zituzten Lagun Onaken gizonek atzo Santurtziren aurka. Riberaren taldea neurketaren hasieratik gailendu zitzaion Bizkaiko taldeari, etxekoen beraien harridurarako. Danel Barriolak eta Jon Sanchezek hainbat aukera izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko, baina 42. minutuan iritsi zen azpeitiarren gola: erasoan, Julen Etxeberriaren pasea baliatu zuen Iliasek arerioaren atera baloia sartzeko, azpeitiarrek zelaiaren atzealdetik hasitako jokaldia borobilduz.
Lagun Onakek aurrerapausoak eman nahi izan zituen partidaren bigarren zatian, baina taldeak arerio serio baten aurrean egin zuen topo, eta etxekoek hainbat mugimendu eta aldaketa egin zituen arerioa urduri jarri nahian. Ordea, Riberaren taldeak azkar erreakzionatu zuen, eta kontraerasoan jokatu zuen ondorengo minutuetan. Jakesek zein Iliasek beste hainbat aukera izan zituzten golak sartzeko, baina gutxigatik ezin izan zuten.
Finean, denboraldiko lehen zatirik onena egin zuen atzo Lagun Onakek, eta bigarrenean, serio ageri izan ziren. Zazpi punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Azpeitiko taldea, eta datorren jardunaldia etxean jokatuko du, Aretxabaletaren aurka.
Emakumeak, ezinean
Erregionalek, bestalde, Touring-en aurka jokatu zuten ligako bigarren partida, Errenteriako taldearen etxean. Azpeitiarrak ondo hasi ziren jokoan, eta 10. minuturako, Amane Iglesiasek gola sartzeko aukera izan zuen arerioaren atearen aurrean. Ordea, segidako minutuetan etxekoek izan zituzten aukera argienak, eta lehen zatia amaitzerako sartu zuten haiek aurreneko gola area ertzetik, Lagun Onakek zelaiaren erdian baloia galdu ostean.
Behin bigarren zatian, Lagun Onakek baloia ateratzerakoan izan zuen akatsa baliatu zuen Touring-ek jokoan aurrera egiteko, eta 50. minutuan, haien bigarren gola heldu zen. Azpeitiko taldea presio egiten saiatu zen, eta batak zein besteak izan zituen golak sartzeko aukerak, baina denborak aurrera egin ahala, partida gero eta nahasiagoa izan zen.
Amaieran beste hainbat aukera izanagatik, ezin izan zuten golik sartu, eta azkenean, markagailua 2-0 zela amaitu zuten taldeek norgehiagoka. Datorren astean etxean jokatuko dute emakumeek ere; larunbatean, Urola taldearen aurka jokatuko dute ligako hirugarren partida, eta denboraldiko aurreneko puntuaren bila zelairatuko dira jokalariak.