Nola iritsi zinen magiaren mundura? Zer izan zen lanbide horretatik harrapatu zintuena?
Kasualitatez izan zen. Unibertsitate garaian hango lagun batek magia trikimailu bat egin zidan, eta interesa piztu zitzaidan. Galdetu nion ea nola ikas nezakeen nik ere. Magiari buruzko liburu bat eman zidan, eta hura irakurriz hasi nintzen magia egiten.
Ez dakit zehazki zerk harrapatu ninduen; zaletasun asko izan ditut, baina ezerk ez nau magiak bezala lotu. 20 urte daramatzat jada zaletasun horri eutsiz.
Txisteratik jaialdiko gala nagusian eta gertuko magiaren galan parte hartuko duzu, mikromagiari lotutako proposamen batekin. Zer eramango duzu oholtzara?
Munduan zehar gehien egiten dudan lanetako bat eramango dut, bi atal dituen ikuskizun bat da. Aurreneko zatia kartekin egindako magiari lotuta dago; magia indartsua, umorea eta publikoarekiko interakzioa uztartuko ditut. Bigarren zatia askoz poetikoagoa da. Munduko mikromagia txapelketa irabaztea lortu nueneko ikuskizuna da, eta desio bat eskatu eta iturrira botatzen ditugun txanponekin lotura zuzena du.
Mikromagia ikuslearengandik zentimetro gutxira gertatzen da. Zerk egiten du erakargarri diziplina hori?
Publikoa hain gertu izatea erakargarria da, adrenalina puntu hori ematen du. Trikimailu guztiak oso-oso gertutik ikusi dituen persona baten erreakzioak jasotzea ikaragarria da. Izan ere, bertatik bertara ikusi du hark ikuskizun osoa, eta, hala ere, gertatu dena ezin sinistuta geratzen da.
Publikoa hain gertu dagoenean, badirudi akatserako tarte oso txikia dagoela. Zenbat lan dago mikromagiako minutu batzuen atzean?
Asko, egia esan. Magiak, oro har, lan handia du atzetik, baina mikromagiak zehaztasun maila ikaragarria ere eskatzen du. Publikoa hain gertu egonda, ezin da une bakar batean ere hanka sartu, batez ere, ikusleak magiaren sentsazio hori gal ez dezan.
Nik oso serio hartzen dut magia; ez da nire bizitzaren parte bakarrik, nire bizitza da, eta batzuetan egunean hamabi ordu ere egon izan naiz trikimailu bat behin eta berriz errepikatzen.
Mikromagiako ikuskizun on batean, zerk du pisu handiagoa: teknikak, aurkezpenak ala ikuslea harritzeko gaitasunak?
Oreka lortu beharra dago. Teknikak ikuskizunaren %20-edo hartzen du, eta gainerako %80a komunikatzen dena eta emozioa publikoarengana nola iristen den izaten da. Baina teknikak hartzen duen %20 hori perfekzioz egiten ez bada, ikuskizunak kale egingo du. Teknikak %20 hartzeak inolaz ere ez du esan nahi entsegua ere ehuneko horretakoa izan denik; ziurrenik, askoz gehiago entseatzen dut teknika. Baina horregatik, hain zuzen, egia da gaur egun ikuskizunaren unean gehiago arduratzen naizela komunikazioaz eta ikuslearekin dudan hartu-emanaz, teknika oso ongi landuta eramaten dudalako.
Magia egiten duzunean, zer sentsazio sortu nahi izaten dituzu ikuslearengan?
Lehenik eta behin, ezinezkoa dena aurkitzen saiatzen naiz; hori da oinarria, bestela ez bailitzateke magia izango. Hortik aurrera, beste hainbat emozio pizten saiatzen naiz, hala nola umorea edota nostalgia. Baina bakoitzak sentimendu ezberdin bat bilatzen du magian, eta ni sentsaziorik poetikoena bilatzen saiatzen naiz, bakoitzak bere interpretazioa egin dezan.
Urteekin, aldatu al da magia ulertzeko duzun modua? Eta aldatu al da publikoak magia jasotzeko duen modua?
Asko. Nik uste dut magia, prozesu sortzailea den heinean, urteak igaro ahala are eta ederragoa bihurtzen dela. Esperientzia pertsonalari dagokionez, esango nuke nire bizitzako etapak igaro ahala, urteek eragina izan dutela sortzeko dudan moduan ere.
Mikromagiako munduko txapelduna zara. Zer izan behar du ikuskizun batek maila horretara iristeko eta nazioarteko epaimahai bat konbentzitzeko?
Nik uste dut funtsezko gauzetako bat bihotza izatea dela, eta zintzotasuna ere izan behar du. Baina, batez ere, mikromagia egiten duen artistak eta aurkezten duen emanaldi horrek benetakotasun puntu bat izan behar dute. Noski, horiez gain, lan asko ere egin behar izaten da ikuskizuna prestatzerakoan. Horiek lirateke niretzat mikromagiako ikuskizun duin baten osagaiak.
Zer esan nahi du zuretzat Txisteratik bezalako jaialdi batean parte hartzeak eta beste mago batzuekin oholtza partekatzeak?
Niretzat zoragarria da. Magia jaialdian parte hartzeko prest ote nengoen galdetu zidatenean, ahal nuen guztia egin nuen bertan egon ahal izateko. Antolatzaileek maitasunez prestatzen dute Txisteratik; magia maite duen jendea da, eta nik ere asko maite dudan jendea, mundu honetan, azken finean, denok elkar ezagutzen dugulako.
Bestetik, Azpeitiko publikoaren aurrean ere gustura egongo naiz, niretzat aurreneko aldia izango delako. Inguruko oholtza batzuetan izan naiz, eta beti maitasun handia sentitu izan dut; noski, Azpeitia ingurura joateko esaten didatenean, begiak itxita joaten naiz.
Zer gustatuko litzaizuke Azpeitiko publikoak zure emanaldia ikusi ondoren eramatea?
Bada, oso gauza sinple bat: magia gustatu bazaie, magia ikusten jarraitzea, antzokira joaten jarraitzea eta magia ikusle gisa gozatzen jarraitzea. Eta nire ikuskizuna gustatzen ez bazaie ere, magiaz gozatzen segitzea nahiko nuke, magia estilo asko daudela ikusi dezaten, ilusionismoaren esparruan gehiago murgil daitezen. Polita eta anitza da magiaren mundua.