Datorren hilaren 17an eta 18an Zezen Beltz Asteburua ospatuko dute hamazazpigarren urtez Azpeitian, eta hango egitarauaren berri eman du egitasmoaren antolatzaile Zezen Beltz elkarteak. Ohiko moduan, sokamuturrek, zezen bolaztatuek, entzierroek zein Grand Prix ikuskizunak tarte berezia hartuko dute elkartearen asteburuan.
Urrilaren 17an, larunbatez, sokamutur txikiarekin hasiko dute asteburua Erdi Kalean (12:30), eta ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan. Arratsaldean, berriz, Zezen Beltz Asteburuan hutsik egin ezin duen hitzorduak hartuko du zezen plaza: Grand Prix ikuskizunak. Ohiko moduan, ikuskizunerako izena ematen duten taldeak animalia horien bueltan arituko dira lehian eta jolasean, eta ondoren, zezen bolaztatuen saioarekin borobilduko dute arratsaldea.
Hain zuzen, Grand Prix ikuskizunera joateko sarrerak dagoeneko salgai daude bost eurotan, honako taberna hauetan: Berdie, Jim Clark, Mendizabal, Pastorkua eta Eguzkitza. Egunean bertan ere salduko dituzte sarrerak, zezen plazako leihatilan.
Igandean, gehiago
Antzeko itxura hartuko du Zezen Beltz Asteburuko igandeak ere: izan ere, 12:30ean Erdi Kaletik hasiko den sokamutur txikiarekin hasiko dute eguna zezenzaleek, eta segidan, zezen txikiekin zein poniekin jolasteko aukera izango da plazan. Gainera, paella dastatzeko aukera ere izango dute han elkartzen direnek.
Arratsaldean, helduen entzierroak hartuko ditu Hartzubitik plazara arteko txokoak, zezen bolaztatuen saioarekin amaituko dute egun hori ere. Artzubia kalean izango dira zezen bolaztatuak egun horretan —; 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute larunbateko zein igandeko zezen bolaztatuetan—, eta modu horretara agurtuko du Zezen Beltzek ospakizun asteburua.