Nola iritsi zinen ONCEko saltzaile izatera?
ONCE saltzaile bila zebilela zioen iragarki bat ikusi zuten Iraurgi Berritzenekoek, eta horren berri eman zidaten. Azterketa eta froga batzuk egin nituen, eta halaxe hasi nintzen saltzaile moduan lanean, duela bi urte.
Zer izan zen lan hori eskuratzea zuretzat eta zure bizitzarentzat?
Duela hiru urte ezintasuna eman zidaten, eta mundu berri bezain iluna ireki zitzaidan begien aurrean, bereziki lanari lotuta. Adina eta ezintasuna tarteko, zailtasunak izan nituen lana aurkitzeko, eta urtebete egin nuen langabezian. Aurrera egiten lagundu dit ONCEk, eta oso eskertuta nago.
Nolakoa da zure lanegun arrunt bat?
Normalean, 09:00etatik 13:30era arte egiten dut lan goizetan, eta 16:30etik 19:30era arratsaldeetan, ostegunetik astelehenera. Goizetan Zestoan egoten naiz, eta arratsaldeetan, Azkoitian. Astearteak eta asteazkenak izaten dira nire atseden egunak.
Egunero jende asko igaroko da zure ondotik. Lagunak egin al dituzu bezeroen artean?
Bai, jende asko ezagutu dut lanbideari esker. Hemengo jendea oso leiala da, eta askoren egunerokoa ezagutzen dut jada, kontu ugari kontatzen dizkidatelako.
Ba al duzu bezero berezirik edo beti gauza bera eskatzen dizunik?
Bai, badira beti zenbaki bera eskatzen dutenak. Adibidez, zozketa jakinetan edo egun berezietakoetan amaiera jakin bat edo zenbaki bereziren bat bilatzeko eskatu ohi didate.
Sari handirik banatu al duzu inoiz?
Gehienez, 500 euroko saria eman dut. Oraindik ez dut sari handiagorik eman, baina hori ere iritsiko zaidalakoan nago.
Zorte ona erakartzeko balio duen erritualik egiten al duzu kupoiak saltzerakoan?
Bai, igel itxura duen titare bat daukat. Bezero batek oparitu zidan, eta, ez dakit, sentsazio ona eragiten dit; agian, igelak gustuko ditudalako edo. Opari horrek arreta piztu zuen nigan, eta beti pasatzen dut titarea kupoien gainetik.
Zer iruditzen zaizu desgaitasuna duten pertsonei aukerak emateko ONCEk egiten duen lana?
Esango nuke aparteko lana egiten duela, behar bereziak ditugunoi gizarteratzen laguntzen digulako. Integratzen laguntzen digu, ez gaitu bakarrik uzten, eta etengabe egoten da gure alboan, laguntzen. Babesten gaituen erakunde bat dela esan genezake.
Zure ustez, gizarteak errespetatzen eta baloratzen al du saltzaileen lana?
Baietz esango nuke, %99ak, behintzat, errespetatzen eta baloratzen duela.
Zer mezu emango zenioke lanbide horrretan hastea pentsatzen ari den pertsonari?
Lanera etortzera animatuko nuke, ONCEk beso zabalik hartuko duelako. Lanerako frogak eta ikastaroak egiten ditugu, eta ongi prestatzen gaituzte. Egiaz merezi du.
Ba al duzu gogoratzen duzun pasadizo polit edo dibertigarriren bat?
500 euroko saria eman nuenekoa. Ni ez nintzen konturatu ere egin, baina zenbaki saritua zuen emakumea nire bila etorri zen, eskerrak ematera, izugarrizko ilusioarekin. Dirua gehien behar zuen unean iritsi zitzaiola esan zidan, eta ilusio handia egin zidan.