Datorren larunbatean, urriaren 3an, egingo dute Azpeitiko Artisau Azoka, Azpeitiko Artisau Mahaiak eta Artiekin artisau elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin. Plazan jarriko dituzte postuak, 11:00etatik 19:00etara bitartean. Besteak beste, bitxiak, poltsak, osagarriak, arropak, zeramika, ilustrazioak nahiz jostailuak jarriko dituzte postuetan.
Guztira, 21 artisauk jarriko dituzte postuak plazan. Honakoak dira larunbateko azokan parte hartuko duten artisauak: Aldaxka, Ametsen Txokoa, Amuki, Arroxa zeramika, Belargi, Belarri-Tako, Breuvery Land, Harri Hari, Ibon Elorri, Kirei bitxiak, Kiribil, Kiribilak, Kohpao Studio, Kosta itsas egurrak, Maik Bags, Mairi, Magnolia, Marabina, Miara, Oihele eta Sualma.
Trikot tailerra goizean
Haurrei zuzendutako sormen tailer bat ere izango da Artisau Azokaren barruan, 11:30etik 13:00etara bitartean. Tailer horretan parte hartzen dutenek ehuntzen ikasiko dute komuneko paperaren kartoizko hodia telar txiki gisa berrerabilita.
Tailerrean materiala aurretik prestatuta izango dute, eta parte hartzaile bakoitzak haria pasatzen eta ehuna sortzen ikasiko du. Gero, egindakoa objektu txiki bihurtu ahal izango dute: suge txiki bat, ileko apaingarri bat edota lepoko txiki bat. "Eskuekin sortzeko, hariarekin esperimentatzeko eta eguneroko materialei bizitza berria emateko jarduera bat" izango dela aurreratu dute tailerraren antolatzaileek..