Kulturaz kultur kooperatibak 15 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko hiru eguneko egitaraua prestatu du urriaren 23tik 25era. Egun horietan, herriko kultur taldeak nahiz Euskal Herriko sortzaileak bilduko dituzte Sanagustin kulturgunean, Dinamoa sormen gunean eta Soreasu antzokian.
Urriaren 23an, ostiralez, hasiko dira ospakizun ekitaldiak, Azpeitiko kultur taldeen festarekin. Kulturazen arabera, 15 urte hauetan herriko kultur taldeak izan dira kooperatibaren motor nagusia; hori horrela, herriko kultur sarea elkartuz, elkarrekin kulturaz gozatuz eta 15 urteetako lana nabarmenduz ekingo diete ospakizunei. 19:00etan hasita, hainbat taldek elkarlanean prestatutako emanaldia eskainiko dute Sanagustinen: Udal Musika Banda, Luix Beltza dantza eskola, Itsasi kultur taldea, Erniarraitz bertsozale elkartea, Metal Boskotea eta Arte eta Diseinu Eskolako ikasleak. Oholtzatik kanpo ere Azpeitiko hainbat kultur talde elkartuko dira emanaldiaz gozatzera.
Larunbata, berriz, hilaren 24a, hausnarketarako eguna izango da. Sorkuntza kolektiboari buruz arituko dira Hil da Jenioa izeneko jardunaldietan, Dinamoan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Solasaldiak, performanceak eta mokadutxo bat egiteko tartea izango dira egun horretan.
"Aspalditik bueltaka izan dugun susmoa da artistaren bikaintasun eta originaltasuna baino, ez ote den berez elkarlana sormenaren motor nagusia. Eta hori hala dela onartuta ere, zergatik egiten zaion hainbeste gorazarre artistaren bikaintasun, ospe eta marka indibidualari. Are gehiago, ez ote dugun guk geuk ere makinaria horretan aktiboki parte hartzen", azaldu du Kulturazek. Horrenbestez, sorkuntza kolektiboa bultzatzeko eta horren inguruan pentsatzeko prestatu dituzte jardunaldi horiek. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Kulturazen webgunean, doan.
Egitarauarekin amaitzeko, igandean, hilaren 25ean, Ibil Bedi taldearen pase irekia izango da Soreasu antzokian. 12:30ean hasita, bira berriari begira egin duen egonaldiaren emaitza erakutsiko du taldeak entsegu ireki batean. Ikusleek iruzkinak egiteko eta iritziak emateko aukera izango dute. Pase irekirako sarrera lotura honetan eskura daiteke, 5 euroren trukean.