Itsasoaren ertzetik, mendialdera. Kostaldetik, barrualdera. Getariatik Aratzerrekara lekualdatu dira Danel Olano (Getaria, 1997) eta Edurne Oñatibia (Getaria, 1984). Urrestillatik hiru kilometro aurrera egitean, etxe bat ageri da eskuinean, eta txakurrek eta katuek egiten dute ongietorria hara iristean. Behi batzuk dabiltza larrean, eta haur bat jolasean. Zaldi bat ikusten da urrunean. Eguzki izpiak gozo sartzen dira inguruko mendien artean. Hantxe bizi dira pozik, animalien eta naturaren erdian, Olaberri baserrian.
2020ko otsailaren 2an, Kandelario egunean, igaro zuten lehen gaua beren bizitoki berrian Olanok eta Oñatibiak, eta aldaketa guztiek gazitik eta gozotik izan ohi badute ere, ongietorri eztia egin zien haiei Olaberri baserriak. Etxearen aurreko jabeak babarrun lapikoa prest utzi zuen getariarrak hara iristerako; oraindik epel zegoen ontzia, eta ondo epeldu zuen detaile hark, neguko egun hura ez ezik, baita bikotearen etorrera ere. Hasierak samurragoak dira horrela.
Nolatan iritsi dira, baina, bi getariar Aratzerrekako Olaberri baserrira? Aurrez, Zarautzen bizi izan ziren denboraldi batez, eta gero Getariako San Prudentzio auzoan, Oñatibiaren familiako etxean. Baina beren etxebizitza izango zenaren bila hasi ziren geroago, eta garbi zuten baserri batean bizi nahi zutela. "Getarian zaila dago baserri bat erostea, eta inguruan zer zegoen begira hastean, Olaberri aurkitu genuen. Guk nahi genituen baldintzak betetzen zituen, eta bizitzeko moduan zegoen, nahiz eta lehengo erara egokituta egon", kontatu dute. Lekuari baino garrantzi handiagoa eman zioten, beraz, beraientzako egokia izango zen landa eremuko etxebizitza bat aurkitzeari. Halaxe iritsi ziren Aratzerrekara.
Olanok dio "praktikoa" dela beren bizilekuaren kokalekua. "Azpeititik bertan gaude, Urrestillatik ere bai...". Baserriak lursailak izatea ere nahi zuten, ganadua edukitzeko, eta ezaugarri hori ere bazuen Olaberrik. Gaur egun, beren lursailetan eta auzoko beste baserritar batzuenetan, animalia ugari dituzte: zortzi behi eta zezena, ardiak ere bai, ahuntz gutxi batzuk, zaldia, txakurrak, katuak... Animalia horiek guztiek zaintza eskatzen duten arren, behiengan jarri dute batez ere arreta. Izan ere, behi esne ekologikoa ekoizten dute, eta orain gutxi jogurta eta gazta egiten hasi dira. "Berez, ez zen gure asmoa baserritik bizitzea", gogoratu du Oñatibiak. "Etxe bat zen Olaberri guretzat, eta zaletasun moduan behi bat edo beste izatea zen gure asmoa...", erantsi du Olanok. Bizitzak aurreikusi gabeko bideak hartzen ditu askotan, ordea.
Bizimodua baserritik
Olaberrira iritsi zirenean, biek baserritik kanpo egiten zuten lan. Oñatibiak hala egiten jarraitzen du, baina Olanok iazko maiatzean utzi zuen aurrez zuen lana, baserrira dedikatzeko. Orain, esnekiak sortzea du ogibide, eta Oñatibiak pixka bat laguntzen dio zeregin horretan, baina Olanok hartu du ardura nagusia. 4 urteko semea ere badute, Mattin, eta haren zaintza ere batu behar zaie zeregin horiei guztiei. Gurasoak getariarrak baditu ere, Mattinek argi dio bera "Aratzerrekakoa" dela.
Olanok Nekazaritza eta Abeltzaintza ikasi zituen Fraisoro eskolan, eta orduan ikasitakoak praktikan jartzea erabaki zuen duela bi urte. "Gaur egun ia inork ez du sinesten baserritik bizitzea posible denik, eta niri ere hasieran kostatu zitzaidan pausoa ematea. Dena den, antzeko eredu batzuk ezagutu ditugu, eta animatu egin gara", adierazi du. Proiektuari ekitea erabaki zutenetik emaitzak ikusten hasi diren arteko bidea "luzea" izan dela nabarmendu du Olanok; izan ere, igaro berri den ekainean hasi dira esnekiak merkaturatzen. "Gaztenekekin harremanetan jarri, kudeaketa lanak egin... Gauza asko egin behar izan ditugu". Gaur egun, Biolurreko kide dira, eta haiek ere orientatu dituzte bidean.
Olano nahiz Oñatibia "kalekumeak" diren arren, betidanik izan dute baserriarekin harremana. "Aurreneko ahuntza 15-16 urterekin ekarriko nuen", gogoratu du Olanok. Olaberrira heltzearekin, afizioari eustea pentsatu zuen. "Auzoko bati bi behi erosi genizkion, gero txahala jaio zen, eta behiek esne gehiegi zutenez, eskuz biltzeari ekin genion. Gazta egiten eta pixka bat saltseatzen hasi ginen, baina etxerako. Probatzeko hasi ginen, baina gustatu egin zitzaigun, eta gero beste behi bat ekarri genuen, eta...". Horrelaxe, pixkanaka-pixkanaka, ekin diote esnekien proiektuari.
Argi zuten ez zutela etxalde handi bat eraiki nahi Olaberrin. "Zerbait xumeagoa egin nahi genuen, agroekologian oinarrituta. Animalien zein geure bizi kalitatea zaintzea oso garrantzitsua da guretzat. Lehengo baserri ereduari eutsi nahi genion. Autosufizienteak izatea nahi genuen, edo horretan saiatzea, behintzat", nabarmendu du Olanok. Ideia horiek oinarri, zortzi-hamar behiko proiektuak bisitatzen hasi ziren, eta antzeko egitasmo bat eraiki dute beraiek ere Aratzerrekan.
Hiru arrazatako behiak dituzte: suitzarrak, fleckvieh arrazakoak eta pintoak. Horiek emandako esnearekin, jogurt naturala eta behi gazta samurra egiten dituzte, etxean horretarako egokitu duten gunean. "Jendeak egunero jango duen produktu bat sortzea nahi nuen. Alferrik ari gara izen handiko jatetxeentzako produktuak ekoizten; nik egunero umeak ogitartekoan jango duen gazta egitea nahi nuen. Bertako produktuei luxuzko balioa ematen ari gara, eta nik zerbait xumeagoa egin nahi nuen", adierazi du Olanok. Azpeitiko Elikagunean eta Azpeitiko nahiz Zarauzko azoketan saltzen dituzte esnekiak, eta Getarian ere egiten dute banaketa. Oraingoz, harrera ona izaten ari direla diote.
Aurrera begira, beren helburua ez da ekoizpena handitzea. "Ez dugu nahi proiektu handi bat sortzea. Denborarekin, behien genetika hobetzea nahi dugu, esne litro gehiago emateko, betiere kalitateari eutsiz. Orain arte egiten ari garenarekin jarraitzea eta hobetzea da gure helburua", dio Olanok. "Baserriak bizitzeko lain ematea nahi dugu. Helburua da gure familia hortik bizi ahal izatea, baina etorkizunak esango du hori posible al den", erantsi du Oñatibiak.
Gaur-gaurkoz, gustura daude abiatu berri duten egitasmoarekin, baina Olanok nabarmendu du "oso lotua" dela esnetarako behiekin jardutea. "06:00etan jaikitzen naiz behiak jeztera, eta arratsaldean ordu berean jetzi behar izaten dira, 18:00etan. Urteko egun guztietan jetzi behar dira, goizez eta arratsaldez", kontatu du Olanok. Udan opor askorik ezin izan dutela egin esan dute, "ezta egun-pasa joaterik ere". Oraindik bizimodu berrira egokitzen ari direla diote, eta gauza guztiek beren alde onak eta txarrak izaten dituzten arren, ilusiorik ez zaie falta proiektu berriarekin aurrera jarraitzeko. "Lotua da, baina nire bizimodua ez dut imajinatzen ganadurik gabe. Horixe gustatzen zait. Denborarekin hartuko diogu neurria", adierazi du Olanok.
"Lasaitasuna" ematen die aukeratu duten bizimoduak, eta Aratzerreka "oso leku baketsua" dela azpimarratu dute, baita egiten dutena betegarria dela ere: "Kalitatezko elikagai bat sortzea, produktu hori herritarrei eskaintzea eta horiek ederra dagoela esatea betegarria da. Animaliak ahalik eta ondoen eta libreen zaintzea, lurra modu naturalean ustiatzea, baratzean etxerako jana ekoiztea...". Baserriak loturak sortzen dituen arren, barrenean askatzen duena ere ez da gutxi, agidanez.
Ea lapikoaren epelean hasi zuten abentura hura bezain gozoa izaten den urratzen hasi diren bide berria ere.
Olaberriko sendia, baserriko sarreran. (Ihintza Elustondo)
Familiako hiru kideak, gazta eta jogurta egiteko baliatzen dituzten erreminten ondoan. (Ihintza Elustondo)