Manaslu, elur eta euri jasa handiek zapuztutako asmoa

Nerea Uranga

Manasluko espedizioko kideak, Mikel Agirre ezkerretik aurrena da. 

Mikel Agirre azpeitiarrak nahiz Alex Txikon eta Sherpa Chchepal Azpeitiko bizilagunek bertan behera utzi behar izan dute Himalaiako Manaslu zortzimilakoa igotzeko proiektua. Lanak ondo eginda, bigarrengo kanpamendura iritsi ziren espediziokideak, baina eguraldia eta baldintzak okertuta amore eman behar izan dute mendizaleek. "Hiru metroko elurra dago kanpamendu nagusian eta beherko bailaretan ibaiak gainezka daude eta luizi ugari izaten ari dira", azaldu dio Agirrek Gukari Katmandutik.

Himalaiako Manaslu (8.156 m.) mendia igotzeko asmoarekin joan ziren Nepalera irailaren hasieran Mikel Agirre azpeitiarra eta Alex Txikon eta Sherpa Chchepal Azpeitiko bizilagunak. Eguraldi makurrak eragindako baldintzak tarteko, ordea, bertan behera utzi behar izan dute espedizioa. "Pena handiz utzi dugu Manaslu igotzeko asmoa, espedizioa aurrera ateratzeko lan asko egin dugulako eta mendian lan ona egiten ari ginelako. Oraingoan, mendiak ez digu utzi bertan sartzen, dirudienez ama lurra oso haserre dabil", azaldu dio Agirrek Gukari Katmandutik. 


Mikel Agirre Manasluko espedizioan.

Manaslu zortzimilakoa inolako laguntzarik gabe igotzeko asmoa zuen Agirre, Txikon eta Chchepal kide dituen espedizioak. "Irailaren 5ean sei laguneko taldea atera ginen Azpeititik, eta hurrengo egunean Katmandura joan ginen, eta hilaren 7an, trekkinga hasi genuen Manasluko kanpamendu nagusira. Irailaren 15erako kanpamendu nagusian ginen. Ondoren, trekkingeko beste bost lagunak itzuli egin ziren, eta ni han gelditu nintzen Manaslu igotzeko espedizioan parte hartzeko", kontatu du espedizioaren abiapuntua Agirrek.

Gailurra egiteko lanak txukun eta ondo hasi zituzten arren, atzera egin beharra izan zuten mendiaren baldintzak behartuta. Hirugarrengo kanpamendua muntatzeko lanean ari zirela utzi behar izan zuten Manaslu igotzeko lehen saiakera, elur jausi arrisku handia tarteko. "Bigarrengo kanpamendura, 6.500 metro ingurura igo ginen, eta hirugarrengo kanpamendua prestatzeko lanak hasita genituen. Elur jausiak izateko arrisku handia zegoela ikusita kanpamendu nagusira jaistea erabaki genuen, geroago beste saiakera bat egiteko asmoz. Bizpahiru egun lehenago, bi lagun hil ziren leku hartan elur jausi batek harrapatuta, eta eguraldi ona iragarrita zegoen egunetan ere elur asko egin zuen. Kanpamendu nagusian zalantza asko izan genituen, baina beheko herrira [Samagaun] jaistea erabaki genuen, zikloi bat iragarrita zegoelako".

"Pena handia" du Agirrek espedizioa bertan behera utzi izanagatik, baina "mendia oso arriskutsu" zegoela aitortu du. "Ni optimista naiz, eta zaila da esatea tontorra egingo genuela, baina taldea oso fuerte zegoen eta ni ere indartsu aurkitzen nintzen. Gainera, dezente egun genituen aurretik mendian ibiltzeko". Kanpamendu nagusira jaisteko hartutako erabakiaren damurik ez du, ordea, mendizale azpeitiarrak. "Dendak eta dena elurpean daude, hiru metro inguruko elurra egin baitu kanpamendu nagusian; ez dakit han gelditu izan bagina geure kasa irteteko kapaz izango ginen", dio.

Samagauneko "gau beldurgarria"

Samagaunera jaitsi, zikloia pasatu arte bertan egon, eta ondoren Manasluko tontorra egiteko beste saiakera bat egitea zen Agirreren-eta asmoa. Ametsa erabat zapuztu zitzaien arte. "Beldurra da Samagaunen igaro genuen igandea eta astelehena arteko gaua deskribatzeko hitza", azaldu du azpeitiarrak. Lau egun igaro zituzten Nepalgo herri horretan, eta lau egunetan euri jasak izan ziren: "Etengabea izan zen euria, bota eta bota, eta goian elurra".

Eguraldi makurra ikusita, "B plana" pentsatzen hasi ziren espediziokideak, trekking bat egin eta beste mendi bat igotzea. Zoritxarreko berri batek beren asmo hori ere zapuztu zuen arte. "Igandean Himlung Himal mendiaren kanpamendu nagusian, gu gauden tokitik 20-30 kilometrora, elur jausi handi bat izan zen, eta ondorioz, hamabi lagun daude desagertuta eta lau hilda", kontatu du Agirrek.

Samagaunen uholde handiak eta lur jauziak izan zituzten, bildur handia sortuz hango herritarren eta mendizaleen artean. Gauetako batean, lo zeudela zarata handi batek esnatu zituela kontatu du Agirrek. "Herriko kaleetan oihuak, garrasiak eta jendearen mugimendua entzuten zen. Segidan, beste zarata handi bat entzun genuen, ostatuko leihotik kalera begiratu, eta jendea noraezean zebilen, beldurtuta. Gaua ostatuko egongelan igaro genuen. Eguna argitu zenean, ostatutik gertu lur jauzi handiak izan zirela ikusi genuen. Herritarrak hilabete lehenago Nepalen gertatutakoarekin akordatu ziren. Gainera, Samagaun herriaren gainekaldean laku bat dago".

Gau beldurgarri hori igarotakoan, oinez Samagaunetik ezin irten eta helikopteroz jaitsi behar izan zuten Manasluko espedizioko kideek, beheragoko herri batera. "Bailaran behera joateko ibaiak gainezka eginda daude eta luiziak daude bidean. Beraz, oinez jaisteko aukerarik ez zegoen, eta helikopteroz irten behar izan genuen Samagaun herritik", kontatu ditu azken egunetako ibilerak Agirrek.


Mikel Agirre ikurrinarekin, atzean Manaslu mendia duela.

Katmandun daude orain, espedizioko hainbat kontu ixten. Mendian, goian, material asko utzi dute eta ahal dena berreskuratzea da beraien asmoa. "Samagaun giro ederrarekin utzi genuen, baina gutxienez pare bat aste beharko zituen mendian egindako elurrak egonkortzeko, eta guk ez genituen zain egoteko egunik. Nepalgo Gobernuak ere behin baino gehiagotan ohartarazi zuen kontuz ibiltzeko errepideetan eta mendian, elur eta lur jausien arriskuagatik". Manaslu igotzeko beste saiakera bat egin ez izanaren arantza hor gelditu zaio Agirreri, baina garbi dio: "Mendia gero ere hor egongo da, naturaren kontra ez dago ezer egiterik".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide