Abian da Irudhitzen, argazkilaritza eta literatura batzen dituen lehiaketa

Erredakzioa

Irudhitzen edizioaren gaia Auzoak eta auzotarrak da, eta argazkiak bidal daitezke komunikazioa@ukt.eus helbidera, urriaren 18ra bitartean.

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketaren hamargarren aldia martxan jarri du Gukak. Orain arteko edizioetan bezala, lehiaketak bi atal izango ditu: irudiena eta hitzena. Lehen fasea, irudiena, martxan da dagoeneko, eta urriaren 18ra arte bidal daitezke argazkiak. Aurreko urteko eredua mantenduz, aurtengo argazkiak formatu bertikalean aurkeztu beharko dira.

Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia Auzoak eta auzotarrak da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte.

Ondorengo auzoak hartuko dira kontuan lehiaketan: Aratz – Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Landeta, Lasao, Loiola, Matxinbenta, Nuarbe, Odria, Oñatz eta Urrestilla.

Lehiaketaren oinarriak

  • Gaia: Auzoak eta auzotarrak.
  • Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke.
  • Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute.
  • Ezinbestekoa da argazkiak bertikalean eta JPG formatuan aurkeztea.
  • Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake gehienez.
  • Irudiak argazki kamerarekin edo sakelako telefonoarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
  • Argazkiak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dira, 'Irudhitzen lehiaketa' gaia jarrita, urriaren 18ra bitartean.
  • 14 urtetik beherakoek gurasoen baimena beharko dute lehiaketan parte hartzeko.

Lehiaketako irudien zatiaren irabazlea nor den erabakitzeko, hiru adituz osatutako epaimahai bat eratuko da, eta irabazleak 200 euroko saria eskuratuko du.

Lehen fasea bukatu ondoren hasiko da bigarrena, hau da, hitzena, eta herritarrek irudien epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko tartea izango dute, urriaren 26tik azaroaren 8ra.

Argazkia oinarri hartuta, parte hartzaile bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi: argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz... Gehienez, 100 hitzeko testuak izan behar dute, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bost testu aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Testu irabazlearen egileak 200 euroko saria eskuratuko du. Fase honetako irabazleak hautatzeko ere hiru adituz osatutako epaimahaia egongo da.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 3an egingo du Gukak Sanagustin kulturgunean, eta jarraian, aukeratutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa zabalduko du. Erakusketa abenduaren 14era arte egongo da zabalik.

Amaitzeko, Azpeitia Gukako harpidedun guztiek, argazki nahiz testu irabazleekin eratutako urteko egutegia jasoko dute etxean, abenduko aldizkariarekin batera.

Parte hartu eta, zorte on!

Pribatutasun politika

Irabazlearen izen-abizenak azpeitiaguka.eus webgunean argitaratuko dira. Era berean, egutegian ere azalduko dira.

Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, interesdunei jakinarazi nahi zaie lehiaketa honen bitartez emandako datu pertsonalak Azpeitia Guka (Urolako Komunikazio Taldea, Koop. E.) enpresaren tratamendu-sistemetan jasoko direla, horixe baita Tratamenduaren Erantzulea. Hala, lehiaketa hau kudeatzeko eta zure interesekoa izan daitekeen informazio komertziala helarazteko erabiliko dira. Zure eskubideak (sarbidea, zuzenketa, ezabapena, aurkaritza, mugaketa, e.a.) erabiltzeko Urolako Komunikazio Taldea, Koop. Elkartera jo dezakezu helbide hauetan: Soreasu z/g, 20730 Azpeitia (Gipuzkoa), telefonoa: 943 81 38 41 - administrazioa@ukt.eus. Eskariari emandako erabakiarekin ados ez bazaude edo erreklamazio bat jarri nahi baduzu, kontrol aginte eskudunera jo dezake, kasu honetan, Datuak Babesteko Bulegoa (www.aepd.es). Informazio zehatzagoa eskuratu nahi baduzu, ikusi gure pribatutasun politika osoa hemen Pribatutasun politika | Azpeitia Guka.

Azpeitia Gukak antolatutako lehiaketan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak eta baldintza hauek onartzea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide