Asier Larrañaga: "Denboraldia oso gogorra izango da eta, aldi berean, motibagarria"

Maialen Etxaniz

Asier Larrañaga, lanean. (ISB)

Domusa Teknik ISBren gidari berria da Asier Larrañaga (Azpeitia, 1999). Denboraldiaurrea ondo hasi du saskibaloi taldeak, Euskal Kopa irabazita. "Dena emateko prest" da teknikaria.

Luis Agirre Katxi-ren lekukoa hartu duzu. Nola jaso zenuen proposamena?

Hasieran, proposamenak ezustean harrapatu ninduen, ez bainuen inolaz espero. Gerora, ordea, ilusio handia eragin zidan, klubak nigan konfiantza izan duelako eta nire aldeko apustua egin duelako. Beraz, gogo eta ilusio handiarekin hartu dut erronka. Orain, espero dut klubak nigan jarri duen konfiantza itzultzen asmatuko dudala. 

Orain arte bigarren entrenatzaile gisa aritu zara.  Zertan aldatuko da orain zure ardura? 

Entrenatzaile laguntzaile gisa aritu naiz orain arte ibilbide ia osoan. Nesken talde nagusiko entrenatzaile laguntzaile sei edo zazpi urte egingo nituen. Gogoratzen dut hasi nintzenean ere Katxi zela entrenatzailea, pandemia aurrea zen. Orduko hartan Añares Rioja ISB zen taldearen izena, eta Katxik galdetu zidan ea berari eta Eneko Artolari laguntzeko prest egongo al nintzateken. Batere dudarik gabe baietz erantzun nien, oso gogotsu, gainera. Orduan hasi nintzen lehen taldean lekua egiten. Gero, Andoni Lazkanok hartu zuen Katxiren lekua, eta haren ostean Joseba Lizarralde Rubio aritu zen. Rubiok bigarren entrenatzaile aritzeko aukera eskaini zidan. Harekin bizitakoa izan zen nire lehen esperientzia bigarren entrenatzaile gisa, eta asko ikasteko aukera izan nuen. Gero, Katxi itzuli zen, eta berarekin aritu naiz orain arte. Orain, fokuen atzetik aurrera pasatuko naiz, eta ardura gehiago izango ditut. Erabakiak hartzea eta klubean bestelako gestioak egitea ere badagozkit. Dena den, gogo eta ilusio handiak ditut. Beraz, lasai nago.

Talde teknikoan nor izango duzu alboan aurrerantzean? 

Entrenatzaile aritzeko proposamena egin zidatenean, garbi nekien nor nahi nuen bigarren entrenatzaile gisa: Xuban Etxeberria. Bera izango dut alboan. Urte asko daramatzagu elkarrekin entrenatzaile lanetan eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Konfiantza osoko kidea dut, eta oso pertsona garrantzitsua da niretzat. Hirugarren entrenatzaile, berriz, Haizea Arakistain ariko da. Klubeko entrenatzaile gazte bat da, ikasteko gosez eta lanerako grinez dago, eta garai batean Katxik niri aukera eman zidan bezala, nik ere nahi nuen kide gazteago bati hirugarren entrenatzaile aritzeko aukera ematea. Ikusten ez diren lan guztietan, berriz, Jose Manuel Gurrutxaga Gurru ariko da, orain arte bezala. Ezinbesteko pertsona da taldean. 

Nolakoa izan da orain arteko zure ibilbidea eta esperientzia ISBn? 

Bere gorabehera guztiekin, esango nuke oso ibilbide polita ari dela izaten. Nire ibilbidea LH 3n hasi zen, teknifikazio eskolan. Saskibaloiaren edo futbolaren artean aukeratu behar zen garai hartan, eta betitik gustatu izan zait saskibaloia. Pozten naiz erabaki hura hartu izanaz. Senior mailara arte etapa guztiak pasatu ditut jokalari gisa, eta horrekin asko gozatu dut. Belaunak ondo edukiko banitu, jokatzen jarraituko nukeen. Hori izan zen jokoa utzi eta entrenatzaile hasteko arrazoi nagusienetakoa. Junior mailako bigarren urtean hasi nintzen teknifikazioan laguntzen, eta egia esan, urte hartan disfrutatu egin nuen teknifikazioko prestatzaile lanetan, 2008ko belaunaldiarekin. Gerora, tituluak atera nituen, eta 2003ko belaunaldiarekin egin nuen lehen entrenatzaile lan ofiziala, junior mailan. Inoiz ez ditut ahaztuko urte eta talde hura; ikaragarri ikasi nuen. Izan ere, esperientziak erakutsi zidan gauzak ez direla uste bezala ateratzen. Sekulakoak egingo nituela pentsatzen nuen, baina ez zen horrela izan.

LF Challengeko denboraldi berriari begira, nola ikusten duzu taldea? 

Oro har, oso ondo ikusten dut taldea. Hori bai, talde berria da, iazko taldetik hiru jokalarik soilik jarraitzen baitute; zortzi fitxaje egin ditugu. Beraz, aurredenboraldia egokitze prozesua izan da. Elkar ulertzeko eta egonkortzeko prozesuan gaude. Orain arte, gogoz ikusten ditut jokalariak, eta espero dut aurtengo denboraldia ondo joango dela. Denok oso gogotsu gaude, eta espero dut denborak eta ligak gure lekuan jarriko gaituztela. 

Euskal Kopa irabazi berri duzue. Zerbait esan nahiko du.

Taldearentzako oso ona izan da. Denboraldiaurrea ez da erraza izaten, kanpoko jokalariak berandu iristen baitira. Beraz, oso ondo etorri zaigu lanean hasteko. Gure helburua zen bi partida jokatzea, eta zorionez, finala jokatu eta, gainera, irabazi egin dugu. Elkar ezagutzeko, taldearen kontzeptua lantzen jarraitzeko eta erritmoa hartzeko balio izan digu. Gainera, larunbateko lehen partidatik igandeko finalera, taldeak hobekuntza handia izan zuen eta sentipen oso positiboak izan ditugu. 

Nola aurreikusten duzu denboraldia?  

Denboraldia oso gogorra izango da, baina oso motibagarria, aldi berean. LF Challenge liga indar handia hartzen ari da, eta taldeen maila goraka doa; hamasei taldeak asko indartu dira. Liga gogorra da, baina polita ere bai, batez ere, taldeen artean dagoen maila paretsuagatik. Aurreneko postuan dagoenak azken sailkatuaren aurka gal dezake, eta azkenetakoak aurrenekoaren aurka irabazi. Hori da liga honen xarma. Gu oso kontziente gara eguneroko lana dela garrantzitsuena.

Zein izango da taldearen indargunea? 

Kolektiboa bera da indargunea. 11 jokalariak oso balekoak dira, horrek errotazio luzea izateko aukera ematen digu, eta kantxan dauden unean jokalari guztiek daukate intentsitate handiari eusteko maila. Izan ere, ligan ezin dugu jokalari bakarraren mende egon. 11 taldekideak dira ezinbestekoak. 

Jarri al diozu erronka nagusirik zeure buruari? Eta taldeari?

Egunetik egunera hobetzen joatea da nire erronka, eta taldeari hori erakutsi nahi diot. Eguneroko lana da garrantzitsuena. Era berean, taldeak Play off-ak jokatzea bada erronketako bat.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide