Garmendipeko kirolgunean aldagela berriak eraikitzeko kreditu aldaketa onartuko dute udal ordezkariek biharko udalbatzarrean. Urriko lehen asteartea izanik, hileko ohiko udalbatzarra izango da biharkoa, eta 19:00etan hasita gauzatuko dute udaletxeko areto nagusian.
Horrez gain, Azpeitiko Udalak indarrean dituen hainbat hitzarmen ere izango dituzte hizketagai biharkoan. Izan ere, besteak beste, erakundeak Ekindar kooperatibarekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dituen hitzarmenak luzatzeaz jardungo dute. Halaber, udal kirol instalazioetako hainbat zerbitzuren kontratuak luzatzea ere onartuko dute bilkuran.
Honako hau izango da biharko udalbatzarreko gai zerrenda:
- 2026ko irailaren 15ean egindako udalbatzarraren akta onartzea.
- 2026ko aurrekontuan 4. kreditu aldaketari hasierako onarpena ematea.
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko jabari publikoaren erabilera pribatiboaren kontsezioa formalitzatzeko Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Ekindar kooperatiba elkartearen arteko hitzarmenaren aldaketa.
- Azpeitiko udal kirol instalazioetan eman behar diren hainbat zerbitzuren kontratuaren lehen luzapena.
- Etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmena luzatzea.
- Alkatetzak 2026ko irailean emandako ebazpenen berri ematea.
- Galderak eta erreguak.