Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute gaur arratsaldean, Azpeitiko Azoka Plazan. Gaurko ekitaldiaren nondik norakoen berri Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu ditu; hark esan du proiektu interesgarria iruditu zitzaiela, eta Azpeitiko Udalak egitasmoa laguntzea erabaki zuela. Segidan, liburuaren egileetako bik Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak hartu dute hitza Azoka Plazan bildutakoen aurrean. Errekondok azaldu du "bere obsesio bati" erantzun diola egitasmoak. "Egurrarekin lotutako familia batekoa naiz, eta ohartu naiz gaur egungo gazteek zuhaitzen eta arbolen inguruko jakinduria galdu egin dutela, Euskal Herriko kulturarekin duten lotura, garrantzia...".
Euskal Herriko 116 zuhaitz eta arbola espezie jaso dituzte liburuan, eta bakoitzaren ezaugarriak, erabilerak, bitxikeriak, gaitzak eta izurriteak azaldu dituzte. Errekondok eta Arriolabengoak Iñaki Etxebesterekin eta Dani Blanco argazkilariarekin egin dute liburua, eta diseinuaz Unai Gaztelumendi arduratu da. Hiru hitzaurrek, hainbat adituren artikuluk, 1.096 argazkik, 100 ilustraziok eta 86 mapak osatzen dute Argiak kaleratu duen lan mardula.