Erosi daitezke dagoeneko urriaren 16ko Trikigiro Eguneko afarirako txartelak

Nerea Uranga

Dozenaka trikitilari iazko Trikigiro Egunean Azpeitiko plazan. (Aitziber Arzallus)

Trikigiro Eguna ospatuko dute Azpeitian urriaren 16an, kalejirarekin, trikiti-poteoarekin, afariarekin eta erromeriarekin. Sanagustin kulturgunean izango da afaria, eta 25 eurotan eros daitezke txartelak. 

Urtero legez, trikitilariek eta trikitizaleek Trikigiro Eguna ospatuko dute urrian, eta Trikigiro elkarteak zehaztu du aurtengo hitzordua: urriaren 16an, ostiralez, ospatuko dute trikitiaren inguruko jaia. Aurreko aldietan bezala, egitarauaren barruan, 21:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean antolatu duten afarirako txartelak ere salgai jarri dituzte antolatzaileek. Sanagustin kulturgunean bertan edo kulturaz.eus atarian eros daitezke txartelak, 25 eurotan. 

Urriaren 16an, 19:00etan hasiko dituzte Trikigiro Eguneko ekitaldiak, gazteen kalejirarekin eta triki-poteoarekin. Segidan, 20:00etan trikitilari guztiak elkartu eta kalejira eraldoia egingo dute Alde Zaharrean. 21:00etan elkartuko dira Sanagustin kulturgunean afaltzeko, eta afaldu ostean, 23:00etan erromeriarekin borobilduko dute festa egina.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide