Ehnergia Sarea sortu dute, tartean Azpeitiko Udala eta Ekindar direla

Nerea Uranga

Ehnergia sarearen batzar eratzaileak parte hartu zutenak atzo, Iruñean. (Ehnergia)

Euskal Herriko hogei energia komunitatek eta hamabi tokiko erakundek osatu dute Ehnergia Sarea. Besteak beste, helburu ditu burujabetza energetikoaren alde egitea eta energia iraunkorraren aldeko politika publikoak bultzatzea. 

Euskal Herriko hogei energia komunitatek eta hamabi tokiko erakundek sortu dute Ehnergia Sarea; horien artean daude Azpeitiko Udala eta Ekindar energia komunitatea. Atzo Iruñeko Pinaguy aretoan egin zuten batzar eratzailea, sarearen estatutuak onartzeko eta Errektore Kontseiluko nahiz Errekurtso Batzordeko kideak aukeratzeko. Errektore Kontseiluko kide da Ekindar eta Azpeitiko Udala, berriz, Errekortso Batzordekoa.

Mugaz gaindiko sarea da Ehnergia Sarea, eta erakundearen helburuak dira, besteak beste, Euskal Herriko energia komunitateen ordezkaritza eta kudeaketa egitea nahiz beren arteko lankidetza sustatzea, burujabetza energetikoaren alde egitea, pobrezia energetikoaren aldeko borrokan laguntzea edota energia iraunkorraren aldeko politika publikoak bultzatzea.

Udalbiltzak sustatutako mugaz gaindiko kooperatiba energetikoa da Ehnergia Sarea, eta beharrezko bazkide kopurua osatu ondoren, atzo legalki eratuta gelditu zen. Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik Ehnergia Sarea legalki osatzeko atzoko ekitaldian adierazi zuen proiektuaren "erronka handienetako bat" gainditu dutela. Kooperatiba eratu ahal izateko 30.000 euro lortu behar zituzten, eta ia bi urteko lan prozesuaren ondoren, 40.200 euroko kapital soziala batu dute. Lau bazkide mota ditu sortu berri den sareak: bazkide kontsumitzaile eta erabiltzaileak, bazkide langileak, zerbitzu bazkideak eta bazkide laguntzaileak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide