Tokiko merkatuek Euskal Herrian eta Podorren (Senegal) duten garrantzia ezagutzeko saioa izango da urriaren 9an, ostirala, 17:30ean hasita, Azpeitiko Azoka Plazan, baserritarren azokan. Besteak beste, Podorreko tokiko merkatuen errealitatea ezagutzeko, Senegalgo pintxoak dastatzeko, plater senegaldar bat prestatzen ikasteko eta Senegaldik ekarritako okra-haziak etxera eramateko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Bidezko Elikadura elkarteak era askotako lanketak egiten ditu; tartean, azoka plazen inguruko hausnarketa eta sentsibilizazio lana sustatzen ditu. Senegalekin lankidetzan ere aritzen da elkartea, beste hainbat herrialderekin bezala, eta hortik antolatu dute Azpeitiko saioa. Elkarte horrek Elikagunearekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu du saioa.