Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek ez dute asteburu gozoa izan. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak Aretxabaletaren aurka jokatu zuen larunbatean Garmendipen, eta etxeko taldeak ezin izan zuen aurkaria gainditu: 1 eta 2 amaitu zen neurketa. Lagun Onak ondo sartu zen partidan, neurketa menderatzen hasi zen. Bederatzigarren minutuan, korner batean, penaltia egin zioten Ander Irigoieni, eta Jon Sanchezek gola egitea lortu zuen. Irabazten hasi zen etxeko taldea, beraz, baina Aretxabaleta pixkanaka indartzen hasi zen; Lagun Onak ari zen menderatzen, baina abisu bat edo beste eman zuten bisitariek.
Bigarren zatian, pauso bat aurrera eman zuten Aretxabaletakoek, eta norgehiagoka menderatzen hasi ziren. 68. minutuan, Yudego area barruko baloi bat urruntzera zihoan, baina Aretxabaletako jokalariak hanka sartu zuen, eta penaltia egin zion hari Lagun Onakekoak. Horrela, 1-1 jarri zen markagailua. Jokaldi horrek min handia egin zion etxeko taldeari, eta kostatu egin zitzaion horri buelta ematea. Horren aurretik, gainera, Barriolaren gol bat baliogabetu zuen epaileak, baloia kanpora atera zela argudiatuta.
Aldaketak eginda, Lagun Onak hobeto jokatzen hasi zen, baina partida amaitzear zela, Aretxabaletakoek bigarren gola egin zuten. Neurketako azken jokaldian, Jakes Aranbarriren gol bat baliogabetu zuen epaileak. Jokaldi polemikoa izan zen, eta Lagun Onaken zaleak ez zeuden ados epailearen erabakiarekin. Hala, burumakur etxeratu ziren Lagun Onakeko jokalariak nahiz zaleak.
Gaurtik aurrera, asteburuan gertatutakoa ahaztu, eta Beasainen aurka jokatuko duen partidan pentsatzen hastea tokatzen zaio Lagun Onaki. Gaur-gaurkoz, sailkapenaren bederatzigarren postuan da gizonen taldea.
Emakumeek berdinketa
Bestalde, Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak Urolaren aurka jokatu zuen larunbatean, etxean. Partidari ekin eta aurreneko bost minutuetan kostatu zitzaien neurketan murgiltzea; hala ere, hurrengo 25 minutuak onak izan ziren, eta gol aukera asko sortu zituzten etxekoek. Amane Iglesiasek poste bat jo zuen, Maria Sorazuk korner bat buruz errematatu zuen, Joane Kortak ere izan zuen aukera bat... Lehen zatiaren amaieran pixka bat okerrago aritu ziren, baina 0-0 iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, berriz, 55. minutuan eta 67. minutuan, Urolak gol bana sartu zituen. 0 eta 2 galtzen ari zen Lagun Onak, baina partidaren amaierara arte borroka egin zuen etxeko taldeak. 74. minutuan, Joane Kortak Amane Iglesiasi egindako pasea ondo baliatu zuen Amanek, eta gola sartu zuen. 90. minutuan, Amane Goenagak ateratako korner baten ostean, Jare Manterolak bigarren gola egin zuen. 2-2 amaitu zen neurketa, beraz, eta puntu ona eskuratu zuen Lagun Onakek.
Gaur-gaurkoz, sailkapenaren hamabigarren postuan da Lagun Onak.