Jexux Zelaiak Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa irabazi du 56 urtetik gorakoen Master C kategorian. Larunbatean jokatu zuen denboraldiko azken lasterketa, Arrazolatik (Bizkaia) abiatu eta Anbotoko tontorrera. Azpeitiarrak 53 minutu eta 41 segundo behar izan zituen 1.000 metroko igoera egiteko, eta bere kategorian azkarrena izan zen.
Maiatzean hasi ziren Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa lehiatzen, eta larunbatekoa laugarren igoera izan zen. Igoera guztiak irabazi ditu Zelaiak: Txindokikoa, Ardibidepikuakoa, Beriaingoa eta larunbateko Anbotokoa. Horrenbestez, denboraldi ezin hobea egin du Zelaiak, lau igoera eta Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa bereganatuta. Datorren denboraldian lehiatzen jarraitzeko asmoa duela adierazi du azpeitiarrak.