Erretratua

Iñigo Arregi: "Lagun Onak nire bizitzako zati handi bat da"

Anitz Urkizu

Haurra zenetik du lotura Iñigo Arregik (Azpeitia, 1967) Lagun Onak futbol klubarekin. Atezain hasi zen, eta urteekin entrenatzaile eta klubeko laguntzaile ere izan da, harik eta 2016-2017 denboraldian zuzendaritzan sartu zen arte. Ordutik, klubaren presidentea da, sei laguneko lantalde baten buru baino gehiago, haren parte. Ehunka jokalari eta gurasoren artean ibiltzen da; boluntario lan horrek ordu asko eta ardura handia eskatzen dizkio, baina pozik jarraitzen du. Berea da Erretratua urriko Azpeitia Guka aldizkarian.

Iñigo Arregik (Azpeitia, 1967) txikitatik argi izan zuen atezaina izan nahi zuela. Ikastolan edo lagunekin jolasean, beti bera jartzen zen atearen aurrean, eta futbolean jokatzen hasi zenean ere postu horri eutsi zion. Hala ere, bere jokalari ibilbidea ez zen luzea izan: "Lanetik kanpora joan behar izaten genuen, eta dena ezin zen uztartu". Jokatzeari utzi zion, baina futbolarekiko harremana eten gabe. Hondartza futbolean ibili zen, ondoren berriro Lagun Onakera inguratu zen laguntzera, eta entrenatzaile ere aritu zen, batez ere haurrekin eta atezainekin. "Beti ibili izan naiz futbolaren bueltan", laburbildu du.

Lagun Onak futbol klubaren bueltan ibiltzea, beraz, ez du azken hamar urteetako kontua. Zuzendaritzara iritsi aurretik ere bat eta beste egiten aritzen zen. 2016-2017 denboraldian, ordea, orduko zuzendaritza uztekotan zela, talde bat osatu zuten klubaren ardura hartzeko prest azaltzeko. Arregiri ere proposatu zioten talde horretan sartzea, eta taldeko lehendakari izateko aukeratu zuten; ez, ordea, zuzendaritzan nagusi izateko. "Lehendakari izendapena nik izan arren, zuzendaritzan sei gara, eta seirok dugu ahalmen bera. Ni jarri nintzen lehendakari, norbaitek jarri behar zuelako", argitu du. Haien funtzionamendua, beraz, ez da hierarkikoa: lantalde bat dira.


Iñigo Arregi Garmendipe futbol zelaian. (Anitz Urkizu)

Hamar urte igaro dira ordutik, eta atzera begiratuta, egindako bidearekin gustura dago. Hasierako helburuetako batzuk bete dituzte; besteak beste, mutilen eta nesken mailetan egitura osoa osatzea. Mutiletan taldeak baziren; nesketan, aldiz, ez zegoen adin guztietarako eskaintzarik. Gaur egun, eskailera osoa osatuta dute. Horregatik, orain erronka ez dute derrigorrean gehiago haztea, egindakoa mantentzea baizik. "Gu zuzendaritzan sartu gineneko helburuak bete ditugu. Beraz, erronkarik handiena helburu horiek mantentzea da".

Futbol klubak urteetan izan duen hazkundea begi bistakoa da. "Garai batean, talde gutxi batzuk zituen Lagun Onakek; gaur egun, hogei bat talde ditu", azaldu du. Instalazioetan, materialean eta entrenatzaileen prestakuntzan ere bilakaera handia izan dela nabarmendu du. Baina zenbakiek baino gehiago, futbolak herrian duen presentziak ematen dio neurria aldaketari. Azpeitian, dioenez, "demasakoa da herrian futbolak mugitzen duena". Herriko bi futbol klubetan dabil jende asko, eta ez dute aparteko ahaleginik egin behar izaten haurrak futbolera erakartzeko: "Haurrak beraiek egoten dira futboleko denboraldi berria noiz hasiko zain".

Horrek badu beste alde bat ere. Klubaren filosofietako bat jokatu nahi duen orori aukera ematea da, baina ez dute beti erraza izaten hainbeste jokalari hartzeko modua aurkitzea. "Hasieran, haur denak hartzen ditugu, baina denborarekin taldeak doitzen joan behar izaten dugu, bestela ez baitago nahikoa instalazio, material eta baliabide hainbeste jokalari mantentzeko". Horixe da, Arregiren ustez, klubaren zuzendaritzako lanaren alderdirik gogorrenetako bat: "Futbolean jokatu nahi duten guztientzat lekurik ez izatea".

Txikienen ilusioa

Jai goizetan Garmendipeko instalazioetara iritsi eta dena umez beteta ikustea da presidente gisa gehien betetzen duen irudietako bat. "Garmendipe dena umez beteta ikustea oso ederra da, denak Lagun Onaken arropekin". Azkenaldian, gainera, kalean ere gero eta gehiago ikusten ditu klubaren jantziekin. Haurren ilusioa da Arregirentzat garrantzitsuena. Hamar urte hauetan klubaren gidaritzan segitzeko motibazioaren oinarria hori dela dio.

Futbola kirol lehiakorra izan arren, ez du uste dena emaitzetara mugatu behar denik. Gizonen lehen taldeak Hirugarren Mailan jokatzen du, eta maila horrek badakar exijentzia bat, baina klubaren oinarria beste nonbait dago, Arregiren ustez. "Parte hartzea, gozatzea eta taldean aritzea dira Lagun Onaken balio nagusietako batzuk". Horregatik, ez du gustuko jokalari "onak" eta"txarrak" bereiztea. Jokalari bakoitzak bere gaitasunak dituela defendatzen du, eta futbolean ez dela dena golak sartzea: "Talde lana, jokoa ulertzea, giroa sortzea eta beste hainbat ezaugarri ere badaude. Futbolean dabiltzan guztiak beren balioak dituzte eta gaitasun ezberdinetan nabarmentzen dira".

Zuzendaritza sei lagunek osatzen dute, baina bi pertsona baino ez daude soldatapean; gainerakoa boluntario lana da. Horregatik, presidente izateak bere egunerokotik orduak kentzen dizkio Arregiri. Gustura egiten du lan hori, baina ez du errealitatea ezkutatzen: "Gero eta zailagoa da boluntario lana egiteko prest dagoen jendea aurkitzea. Azken finean, ordu asko kentzen ditu, eta sakrifizioa da; gustura egiten da, baina egin egin behar".

Boluntariotzaren gainbehera ez da Lagun Onaken arazo esklusiboa. Beste esparru batzuetan ere antzeko egoera dagoela uste du. "Jendea laguntzera etortzen da, laguntzeko prest dagoenik ez da falta, baina zuzendaritzan ardura hartzeko erreleboa aurkitzea zailagoa da. Eta Lagun Onakek badu ardura: 600 bat lagun ari dira futbolean, eta horrek esan nahi du milatik gora gurasorekin harremanetan egon behar dela. Zaila da guztiekin asmatzea", aitortu du Arregik. Gauza bat argi du, ordea. "Kuadrilla mundiala dugu", dio zuzendaritzaz. Eztabaidak izaten dituzte, noski, baina elkarrekin ondo moldatzen dira. Hamar urte hauetan, normala denez, une gozoak eta gaziak izan dituzte. 2019ko 75. urteurrena, esaterako, bereziki gogoan du Arregik. Klubaren historia ospatzeko urte osoan zehar ekintza ugari egin zituzten, eta liburu bat ere argitaratu zuten. "Ohore bat izan zen guretzat urteurrena barrutik bizitzea, oso polita izan zen".

Lagun Onak  futbol klubaren 75. urtemugako liburuaren aurkezpenean Egoitz Arruti orduko Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzia, Iñigo Arregi Lagun Onak futbol klubaren presidentea eta Kris Fernandez liburuaren egilea, 2019ko abenduan.

Pandemiak, aldiz, beste oroitzapen bat utzi dio. Garai gogorra izan zen, baita haren ondorengoa ere: musukoak, entrenamenduetako murrizketak, aldagelak ezin erabiltzea, distantziak eta partidetako harmaila hutsak. Futbolaren berezko osagaietako asko desagertu egin ziren. Horrez gain, klubaren historiako hainbat kide ere joan dira urteotan, hutsune handiak utzita. Ugaitz Kerejeta, Iñaki Leunda eta Iñaki Uranga ditu gogoan, besteak beste. "Pertsonalki une oso gogorrak izan dira niretzat".

Azken finean, hori da Lagun Onaken inguruan duen ikuspegia: lehen taldeak izan dezakeen mailaz harago, klubaren egitura osoa. Nesken eta mutilen kategorietan taldeak izatea, haurrek futbolean disfrutatzea, entrenatzaileak eta gurasoak inplikatzea eta klubak herrian duen lekua mantentzea. Gipuzkoan "erreferente" ere direla dio. "Horregatik, jada lortua duguna mantentzea ez litzateke gutxi izango".

Bidean, noski, etxekoen babesa ere ezinbestekoa izan du Arregik. "Presidente izateak bere denbora eskatzen du, eta batzuetan frustrazio eta gorabeherek aldartean ere eragiten dute. Etxean, ordea, beti izan dut ulermena, eta horrek ere ahalbidetu dit hamar urtean klubari horrenbeste denbora eskaintzea".

Arregik ez daki noiz arte jarraituko duen klubaren gidaritzan. Lekukoa hartzeko prest dagoen inor ez du ikusten, eta, momentuz, jarraitzea tokatuko zaiola dio. "Lagun Onak niretzat nire betiko kluba izan da", aitortu du. Txikitako ilusioa bete zuen; eta gero, klubari beste modu batzuetan eman dizkio urteak. "Lagun Onak nire taldea da, nire ilusioa. Asko eman dit, eta orain barrutik bizi dudala, are gehiago ematen dit". Urteek ez dute lotura hori ahuldu, kontrakoa baizik. "Lagun Onak nire bizitzako zati handi bat da".

Iñigo Arregi:

  • Adina. 59 urte.
  • Lanbidea. Mekanizatuko langilea.
  • Futboletik kanpo gogoko dut... kirola orokorrean, lagunekin egotea, eta familia; oso familiarra naiz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide