Taberna zaharretako bizipenak eta bizipozak, memorian iltzatuta

Maialen Etxaniz

Azpeitiko Erdikalean Riojano taberna zenekoa. (Utzitakoa)

Azpeitiko taberna historikoen zerrenda osoa egitea ez da lan makala, asko baitira itxitakoak edo eraitsitakoak; arrastoa utzi zuten gehienek. Atzera begira jarrita, txikiteoa egunero egiten zen urteez, industria indartsu zegoen garaiez eta tabernetako sukaldeetan mimoz prestatutako jakiak falta ez ziren sasoiaz mintzatu dira, besteak beste, urte luzez barra atzeko lanetan aritu ziren zenbait herritar. Urriko Azpeitia Gukako errreportajea da hau.

Asko aldatu da Azpeitia azken 50 urteetan: eraiki dira etxeak, eraitsi dira eraikinak, itxi dira saltokiak, ireki denda berriak, zabaldu dituzte edaritegiak eta betirako itxi ezagunak ziren ostatuak. Askoren oroitzapenetan egongo dira Arrona, Uztarri, Kojua, Hotel Izarra, Gau Txori, Astigarraga, Amaia edo Aitzaki, besteren artean. Herritarren memorian eta oroitzapenetan iltzatuta gelditu ziren, baita Beti-alai, Pikua, Riojano eta Pello Ardangela ere. Urteak atzera egin, eta lehengo tabernetan murgildu da Guka.

Pikuanekoa

Bustinzuriko Errebalean zegoen Pikua taberna, bi zenbakidun eraikinean. Fernando Bereziartuaren (Azpeitia, 1950) gurasoek zabaldu zuten 1939. urtean, eta hark hartu zuen gurasoen lekukoa gero. Hala ere, bizitza osoa eman zuen ostatuan, eta tabernari lotuta oroitzen du haurtzaroa: "Taberna eta etxea ia-ia bat ziren. Izan ere, beheko solairuan egiten zen bizitza osoa; han zeuden sukaldea, komuna eta ukuilua, tabernako barraren atzean. Lotara bakarrik igotzen ginen gora, eta ez pentsa han logelak-eta zeudenik", kontatu du Fernando Pikuak –horrela ezagutzen da herrian–. "Tabernan gosaldu, lan pixka bat egin, ukuiluan behiak jetzi eta eskolara joaten nintzen zuzenean, eta bueltan tabernara berriro", gogoratu du. Haien etxepea berezia zen, taberna eta ukuilua elkarri lotuta egoteaz gain, jendea hartzen baitzuten apopilo. "Zenbaitzuk egun gutxi igarotzen zituzten bertan; beste batzuk, aldiz, han bizi ziren". 1970. urtean utzi zioten apopiloak hartzeari, baina tabernak etenik gabe jarraitu zuen. Eraikin berean, lehen soilaruan, Azpeitiko Zezenzale Elkartearen lokala zegoen, eta zaletasun hori tabernako hormetan ikus zitekeen. Hain zuzen, zezenketetako kartelak zituzten hormetan itsatsita, baita zezen adarrak zintzilik ere. "Herrian bazegoen tabernei esaldi edo ezizen bat jartzeko ohitura. Pikuari Sangre y arena jarri zioten", kontatu du Bereziartuak bitxikeria.



Pikua taberna zeneko irudiak. 

Sasoi hartan, bizi asko zuen kalea zen Errebala. Horrela gogoratzen du Pikuanekoak: "Gure aurrean Aitzakinekoa zegoen, eta ondoan, Arrona. Kale berean hiru taberna, bi bodegoi, bi ultramarino –eligaien saltoki–, ileapaindegia, mekanika tailerra, bi igeltsutegi eta altzairu tailer bat zeuden. Jende asko ibiltzen zen Errebalean". Batez ere, "ardo taberna" zela dio Pikuako semeak, nahiz eta kafeak eta kopak ez ziren sekula falta izan. Jatekoa ere ematen zuten: "Zopa, potajea eta haragia oinarrizkoa ziren, baina fama handia zeukan amaren tripaki-zopak". Orduko errebala "bizi-bizirik" oroitzen du. 

1980. urtean utzi zuen tabernako ardura Bereziartuak, ordura arte bi lanbide uztartu baitzituen. Hori bai, ez zuen sekula harremanik eten tabernarekin, are gutxiago Errebalarekin. Alabak jaio zirenean eraikina berritu zuten goitik behera, eta ostatua errentan jarri zuten. Gerora, hainbat eskutatik igaro zen, besteren artean Lorentxo Etxanizen eskuetatik. 1990eko hamarkadan erabateko berritua eman zion tabernari. Ondorengo urteetan iritsi zen Alde Zaharreko ostatu eta saltokien beherakada. Azken urteetan Ruben Fernandezek izan zuen Pikuanekoa. 

Erdikalean, Beti-alai

Hainbat urtez Marcial Ucin lantegian jardun ondoren, 1973. urtean hartu zuen Beti-alai tabernaren kudeaketa Jose Luis Alkortak (Azpeitia, 1954), 19 urte zituela. Erdikalean zegoen Beti-alai, Irentzaileneko denda zenaren ondoan. "Taberna txikia zen, ez zen mahai askorik sartzen, baina beti zegoen jendea", kontatu du Alkortak. Hark hartu zuen ostatuaren ardura, baina familiako taberna zela nabarmendu du: "Amak lan asko egin zuen tabernan; bera arduratzen zen sukaldeaz, nagusiki. Gerora, gure alabek ere egin zuten lan tabernan, zereginik ez baitzen falta". Manso edo urteko ardo txikito ugari ateratzen zituzten egunero, txikiteoa egunerokoaren parte baitzen. "Taberna 09:00 aldera irekitzen genuen, eta egunean zehar beti zegoen bezeroen sartu-irtena. Eguerdian, azkar-azkar bazkalduta, lanera itzuli aurretik kafea hartzera etortzen zen jendea. Arratsaldeetan, lanetik ateratakoan, ohikoa zen poteoa. Orduan ez zegoen trago bat hartu eta etxera joaterik, txikiteo luzeak egiten ziren egunero, eta kalean bizi handia zegoen", gogoratu du Beti-alaikoak. Edatekoa ez ezik, jatekoa ere zerbitzatzen zuten: "Albondigak, haragi egosia, mingaina, odolkia... Denetik izaten zen urtean zehar". Gazteagotan ere ostalaritzan ibilitakoa zen Alkorta, Arronanean eta Gau Txorin. "San Inazio bezperan ireki zuten Gau Txori 1968an, eta urtebetera hasi nintzen han lanean asteburuetan. Pentsa, astea tailerrean pasatzen nuen, eta asteburua Gau Txorin. Festarako lekua zen. Hala ere, oroitzen dut sasoi batean igandeetan bermutaren dantza egiten zutela. Dena den, Gau Txorik gauez eman zituen bere onenak. Oraindik oroitzen naiz nolakoa zen barrutik, belus gorridun hormekin eta".





Beti Alai tabernako irudiak. Goiko irudian, Jose Luis Alkorta bere anaiarekin ikurrinari helduta.

Jende askoren bilgune izan zen Beti-alai, eta han elkartzen zirenen artean sortu zen sansebastianetako danborradako Arrantzaleak taldea. Lehen urteetan bertan egiten zituzten danborrada aurreko afariak, eta taldeko banderadunen oihalean irakur zitekeen Bar Beti-alai. Alkortak 34 urte egin zituen han lanean, 2006. urtean eraikinari eraiste agindua iritsi zitzaion arte. Orduan utzi zuen ostatuaren kudeaketa, eta azken urteetan udal brigadan jardun zuen lanean. Ostalariek taberna utzi eta gerora beti sentitzen omen dute barraren hutsunea, eta Alkortak ere oroitzapen hori du: "Niri asko gustatzen zitzaidan tabernako lana, eta utzi osteko urteetan nabaritu nuen haren falta, jendearekin egotea, giroa... Baina brigadako lanean ez neukan negozio osoa martxan mantentzeko ardura. Gauza asko galduko nituen, baina lasaitasun handia irabazi nuen", dio.

Bertakotu zen Riojano

Maria Jesus Gil (Azpeitia, 1957) Riojano tabernako alaba da, eta argazki zaharrez betetako albumari begiratu bitartean aletu du tabernaren historia. Haren gurasoak, Elvira eta Faustino, 1955. urtean iritsi ziren Azpeitira. "Gorriak ziren, eta urte haiek ez ziren samurrak haientzat. Beraz, halabeharrez, Errioxatik alde egitea erabaki zuten. Amak Errioxatik gertu gelditu nahi zuen, eta horrela Azpeitira iritsi ziren 1950eko hamarkadaren erdian. Ukuilu itxurako lokal bat hartu zuten errentan Erdikalean, Perez Arregi plazaren ondo-ondoan. Ordurako taberna tankera zeukan lokalak, eta bertan negozioa martxan jartzea erabaki zuten, aurrez ostalaritzan aritutakoak baitziren biak", azaldu du alabak. 1955eko abuztuan ireki zituzten Riojano tabernako ateak. "Lehen egunetan ez zen inor sartzen ostatura, mesfidantzagatik edo; badakizu, kanpotik etorritakoak ziren... Denbora gutxira, ordea, kaleko bizilagunek konfiantza hartu zuten gurasoekin, eta haiei laguntzeko prest agertu ziren hasiera-hasieratik. Esaterako, amari hemengo jakiak nola prestatu erakutsi zioten; adibidez, berehala ikasi zuen tripakiak nola kozinatu. Beti kontatzen zidan sekula ez zuela imajinatu leku arrotz batean horrenbeste lagunduko zutenik".

Riojano taberna zena, Azpeitiko Erdikalean.

"Tabernako alaba" da Maria Jesus, bertan jaioa eta bertan hazia. "Nire etxea zen Riojano; han jaio eta hezi nintzen, eta han hasi nintzen lanean, gazte-gaztetan. Izan ere, zeregin asko zegoen, jende ugari ibiltzen zen tabernan eta giroa zoragarria zen. Une zailak ere bizi genituen, politikoki garai nahasiak baitziren. Esango nuke profil guztietako herritarrek jan zutela noizbait Riojanoko ogitartekoren bat", kontatu du umorez, anekdota gisa. Guardia Zibilaren kuartela lekualdatu zutenean, tabernaren estetika goitik behera aldatzea erabaki zuten Maria Jesusen gurasoek, "itxura modernoagoa eta alaiagoa" emateko asmoz.

Telefonicako langileek garrantzia handia izan zuten tabernaren egunerokoan. Kontatu duenez, egunero-egunero 60 bazkari prestatzen eta zerbitzatzen zituzten Telefonicako beharginentzat, tabernan bazkaltzen baitzuten egunero. "Ama eta biok aritzen ginen sukaldean, eta orotara lau pertsonaren artean egiten genuen zerbitzu guztia, bi pertsona sukaldean eta beste bi zerbitzatzen". Telefonicako langileen eta goi karguen bisitak ohikoak ziren, eta haien eraginez edo, taberna pixkanaka modernizatzen joan zela gogoratzen du bertako alabak. "Riojanoren historia oso lotuta dago telefonisten bizipenekin", dio. Gilek ondo gordeta dauka telefonikakoek taberna ixterakoan eskaini zioten bertso bat, oroitzapen gisa.



Riojano taberna, Azpeitiko Erdikalean.

1991. urtean hil zen Maria Jesusen aita, eta ama-alaben artean jarraitu zuten tabernaren kudeaketarekin, ama gaixotu zen arte. Hain zuzen, 1996. urtearen inguruan –ez du data zehatza oroitzen– utzi zuen Riojano, ama zaintzeko. Bizitza osoa tabernari emanda igaro ostean, aitortu du denborarekin asko aldatu zirela tabernako ohiturak: "Sasoi batean egunero egiten zen txikiteoa; igandeetan, meza ostean, ohitura zen bermuta hartzea, eta txibi errazioarekin bazen, hobeto; larunbat eta igande gauetan, berriz, afarien txanda izaten zen, zinema emanaldiak amaitu berritan jende asko joaten baitzen Soreasutik zuzenean tabernara. Urteen poderioz, pixkanaka poteoa indarra galtzen joan zen, eta gazteek platereko jakiak eskatu beharrean, ogitartekoak eskatzeko ohitura hartu zuten. Alde Zaharra ere aldatzen joan zen, baina guk ez genuen sekula lan faltarik izan, zorionez". Taberna itxi osteko urteetan barra atzeko eta aurreko lana faltan sumatu zuela aitortu du Maria Jesusek, baina ez da hartutako erabakiaz damutzen. "Gustatuko litzaidake noizbait Riojano oroituko bada, familia eta jende jator nahiz langilearekin lotzea, horixe izan baitzen gure taberna, bezeroek eta tabernariek osatutako familia handi bat".

Pelloren ardangela

Alde Zaharretik urrunago eta geroago, Landeta auzoan ireki zuen lokala Pello Goenagak (Azpeitia, 1963) 1985. urtean. Itziraenea eraikinean zegoen Pello Ardangela izenez ezaguna zen taberna, Landeta hiribidean. Kooperatiba batean aritu zen behargin gazteagotan, baina ixtear zirela eta, bere kasa hasi zen lanean. "Ardoen biltegi gisa ireki nuen negozioa aurrena, eta hortik datorkio izena: ardoen biltegia euskaraz ardangela baita", kontatu du. Loiolako Herri Irratian aritzen zen lagun batek proposatu zion izena. Gustatu eta jarri. Tabernako irudia edo kartela eskuz diseinatu zioten. "Hasieran biltegia zen arren, gerora bodega eta taberna bezala funtzionatu zuen. Sukalde koskor bat egokitu nuen jatekoa prestatzeko. Hirugiharra eta patata tortilla pintxoak ziren preziatuenak, baita ogitartekoak ere, azkar jateko mokaduak nagusiki". Izan ere, Pello ardangelako bezero gehienak tailerretako langileak ziren.


Pello Goenaga, Pello ardangelaren atarian.

"07:00etarako irekitzen nuen lokala, eta arraroa dirudien arren, garai hartan Landetan ateak ordurako zabaltzen zituen tabernari bakarra nintzen. Mendizabal eta gainerakoak gerora hasi ziren goiz irekitzen. Beraz, beti zegoen norbait gurean: goizean gosaritara etorrita, eguerdian txikitoa hartzera hurbilduta edo arratsaldean lanetik atera bezain pronto eguna borobiltzera etorrita", dio. Urte haietan, 80ko eta 90eko hamarkadetan, enpresa txiki asko ireki ziren Landetan, eta Goenagak urte oparoak ditu gogoan: "Herritar dezentek autonomo gisa lantegiak ireki zituzten auzoan, eta ikaragarrizko mugimendua zegoen. Ez zegoen aspertzerik, eta tabernarako ohitura handia zegoen".

Ardangelak jende ugari ezagutzeko aukera eskaini zion Goenagari, "asko eta era guztietakoa, berezi samarra ere bai", dio, barrez. Hain zuzen, iritzi eta pentsaera desberdinetako jendea elkartzen zela dauka gogoan, lanetik ateratakoan edo lanera joaterakoan gurutzatzen zena. "Nik bezeroei esaten nien nahi zutena pentsatzeko eta egiteko, baina taberna barruan ez zela tonu txarrean eztabaidatzen. Beraz, tabernan behintzat, mahai bueltan elkartzen ziren handik kanpo sestran aritzen ziren hainbat ezagun. Herrian guztiok ezagutzen gara eta... Hala ere, oro har, giro jatorra eta umoretsua izaten zen tabernan nagusitzen zena. Bezero gehienak helduak ziren, langileak, gehien-gehienak gizonak. Hori bai, gizonak ziren neska zaharrik handienak", gogoratu du umoretsu.

2000. urtean zerratu zituen ateak Pelloren ardangelak. Tristura eragin zuen itxierak Landeta inguruko beharginengan, eta Goenagak dio askoren marmarra jasan behar izan zuela itxi eta gerora. "Jendeari gaur egun ardangelaz galdetuz gero, bakarren batek esango du oraindik 'kabroi hark zergatik itxi ote zuen taberna behar baino lehenago'". Taberna ireki zuenean Goenaga ezkongabea zen, baina guraso izatearekin batera erabaki zuen negozioa ixtea, "lan polita bezain lotua" baita ostalariena. Hamabost urtez tabernako zereginetan ibili ostean, marmoldegian hasi eta lurperatzaile lanetan bukatu zuen Goenagak, eta lanbide horretan egin ditu jubilatu aurreko azken urteak. "Oroitzapen zoragarriak ditut tabernan; urte ederrak izan ziren benetan", dio, nostalgiaz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide