Aldagelentzako eraikin berria egingo dute Garmendipeko futbol instalazioetan

Julene Frantzesena

Garmendipeko aldagelen proiektua. (Azpeitiko Udala)

Belar artifizialdun bi zelaien artean egingo dute eraikina, eta obrek 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bi solairutan banatuta, taldeentzako zortzi aldagela, epaileentzako bi, biltegia eta komunak izango dira azpiegitura berrian. Proiektua azaroko bigarren hamabostaldian aterako du lizitatzera udalak. 

Atzoko udalbatzarrean udal hautetsiek aho batez erabaki zuten bi milioi eurotik gorako kreditu aldaketa gauzatzea. Besteren artean, diru hori baliatuko dute Garmendipeko futbol azpiegituretan aldagelentzako eraikina egiteko. Hain zuzen ere, 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute belar artifizialdun bi zelaien –goikoa eta behekoa– artean egingo duten azpiegituraren eraikuntza lanek. Udalak aurreikusi du azaroko bigarren hamabostaldian aterako duela proiektua lizitaziora.

Garmendipeko futbol instalazioak hobetzeko asmoz egingo du eraikin berria. Bi solairu izango ditu, eta solairu bakoitzak 200 metro koadroko azalera: beheko solairuan futbol taldeentzako lau aldagela eta materialarentzat biltegia egingo dituzte; goikoan, berriz, taldeentzako lau aldagela, epaileentzako bi, eta nahi duen orok erabiltzeko bi komun (barruan bina komunekin). Udalak azaldu duenez, tamainaz ia berberak izango dira aldagela guztiak: 35 metro koadro ingurukoak, 25 jokalarirentzat egokituak, takillekin, bi komun itxirekin eta bederatzi dutxarekin. 

Eraikin berria egin bitartean gaur egungo aldagelak erabilgarri izango dira, eta udalak ez du aurreikusten lanek eragozpen berezirik sortzerik. Gainera, eraikinaren ondoan, goiko eta beheko futbol zelaien artean, eskailerak egingo dituzte, baita aldapa bat ere, gunea irisgarria izan dadin. Halaber, energia eraginkortasuna lortzeko, eguzki plakak jarriko dituzte eraikin berriaren sabaian, eta aerotermia sistema erabiliko dute azpiegituraren berokuntzarako.

Atzoko udalbatzarrean ez zuten proiektuaren gaineko azalpenik eman, baina gaur udalak kaleratu duen oharraren bidez azalpen xeheagoak eman dituzte Ion Oteiza Kirol batzordeburuak eta Joanes Amenabar Hirigintza zinegotzia. Haiek azaldu dutenez, Garmendipeko instalazioak hobetzeko bidean beste pauso bat emango dute, eta zehaztu dute herriko bi futbol taldeek zuten aldagela premiari erantzuteko egingo dituztela lanok. Haiek esan dutenez, kirol instalazioak hobetzen jarraitzea da udalaren xedea.

Kreditu aldaketaren zenbateko guztia ez dute baliatuko aldagelen eraikin berria egiteko, eta udalak aurreratu duenez, beste hainbat egitekotara ere bideratuko dute dirua. Besteak beste, kanpoko igerilekuaren eremua pixka bat handituko dute, kaleko argiteria LED sistemara aldatzeko lanak bukatuko dituzte, Izarraizpe ikastola publikoaren HHko eraikinean aerotermia sistema ezarriko dute, eskoletara bideak seguru bilakatzeko neurriak hartzen segituko dute eta auzo taxi zerbitzuarekin jarraituko dute.

Labur eta aho batez

Atzoko udal bilkuraren gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu zituzten EH Bilduko eta EAJko hautetsiek. Hain zuzen ere, Azpeitiko Udalaren eta Ekindarren arteko hitzarmena aldatzea, udalaren kirol instalazioetako zerbitzuen kontratazioa nahiz etxeko laguntza zerbitzurako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duten hitzarmena luzatzea onartu zituzten. Minutu gutxiren buruan bukatu zen urriko udalbatzarra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide