Itsasoa gara izenburuko erakusketa ireki du Andoni Bastarrika hondar eskultore azpeitiarrak Betharrametako erakusketa aretoan. Hondarrezko eskultura hiperrealistak jarri ditu erakusgai, baita berak hondarrarekin egindako hainbat lanen argazkiak ere. Itsasoko kutsaduraz eta ingurumenaren garrantzia ikusarazi nahi izan ditu Bastarrikak muntatu duen erakusketarekin.
Urriaren 18ra arte izango da erakusketa ikusgai Betharrametako aretoan, astegunetan, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Erakusketara joaten diren herritarrek lanen nondik norakoak jakingo dituzte Bastarrikak berak azalduta. Ikastetxeetako taldeekin ere bisita gidatuak egingo ditu eskultoreak.