Urriaren 10a Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da, baina Azpeitiko Osamen errehabilitazio psikosozialeko zentroko erabiltzaileek bezperan, bihar ostirala, egingo dituzte egun horrekin lotutako aldarriak. Kalera aterata, aldarriak eta ospakizuna uztartuko dituzte, Hemen gaude, ez zaude bakarrik mezua zabalduz. "Osamen zentroa astelehenetik ostiralera dago irekita. Zentroko erabiltzaileek, familiakoek eta gu langileok parte hartzeko bihar egingo ditugu ekitaldiak", azaldu du Ainhoa Canseco Azpeitiko zentroaren koordinatzaileak eta psikologoak.
Zentrotik kalera aterako dira bihar Osamenekoak, buruko osasuna ikusarazteko eta jendea kontzientziatzeko, "gizartean dagoen estigma" puskatu nahi dute. "Buruko osasunean estigma handia dago. Osamen zentroak 25 urte daramatza Azpeitian, eta konturatu gara herriko jendeak ezagutu ere ez duela egiten", azaldu du Cansecok. Orain dela hiru urtera arte, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna aldarrikatzera Donostiara joaten ziren, baina Azpeitian gelditu eta aldarriak bertan egitea erabaki zuten. "Zentroa Azpeitian egonda, buruko gaixotasuna gizartean ikusaraztea nahi badugu eta estigma puskatzen hasi nahi badugu, etxetik hasi beharra daukagu. Herrian jendeak jakin behar du non gauden, eta zentroak esistitzen duela. Osasun mentalaren gaia zabala da, etxe askotan dago eta edozeinek behar izanez gero ere hemen gaude", egin du aldarria Osamen zentroaren koordinatzaileak.
Errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentroa da Azpeitiko Osamen, eta bertan artatzen dituzten gaixoek buruko gaixotasun larriak dituzte. Zarauzko buruko osasunaren zentrotik nahiz Azpeitikotik bideratuta joaten dira Osamenera erabiltzaileak. "Egunerokoan autonomoak dira Osameneko erabiltzaileak, eta garraio zerbitzu publikoa erabiltzen dute beren etxeetatik zentrora etortzeko; zentroak ez duelako garraio zerbitzurik", azaldu du Cansecok. Hogei erabiltzailerentzako prestatuta dago Azpeitiko zentroa, eta gaur egun beteta dago. "Jende gehiago badago Osamen zentrora joateko beharra duena, baina kalean dagoen estigmagatik askok atzera egiten dute, zentroa herrian bertan dagoelako. Horren erakusle da, hogei erabiltzaileetatik azpeitiarra bakarra dagoela. Buruko gaixotasuna oraindik asko ezkutatzen da", argitu du Cansecok.
Bihar, ostirala
- 11:00. Elkarretaratzea, Plaza Txikian.
- 11:10. Argazkia, Plaza Txikian.
- 11:30. Barreterapia saio irekia, Manex Beristainen eskutik. Azoka Plazan.
- 13:30. Osameneko kideen bazkaria, Sanagustin kulturgunean.