Lan ildo berri bat lantzen ari da Oinherri, Artaziak kooperatibarekin batera: kultur hezkuntza komunitarioa. Ildo hori oinarri hartuta, azaroaren 20rako Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen. Kultur eskubideak herri hezitzailearen ikuspegitik jardunaldia antolatu dute, 09:00etatik 14:00etara, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Jardunaldia kultur eragile, teknikari, zinegotzi, erabiltzaile, sortzaile edota zaleei zuzendutakoa dela aurreratu dute antolatzaileek. Jardunaldien barruko esperientzien azokan, Kulturaz kultur kooperatibaren hezkuntza arloko sormen eta transmisio poiektuak azalduko dituzte, besteak beste.
Kultur hezkuntza komunitarioa lantzearen helburu nagusia herritarren kultur eskubideen gaia mahai gainean jartzea dela adierazi dute Oinherriko kideek. "Ez hori bakarrik, ordea, herri hezitzailearen ikuspegitik kultura eta euskal kultura definitu ditugu, eta herrietan kultur eskubideak praktikara eramateko eman daitezkeen pausoen proposamena prestatu dugu". Azaroaren 20rako prestatu duten jardunaldia hori guztia azaltzeko izango dela zehaztu dute, eta izena ematera gonbidatu dituzte gaian interesa izan dezaketenak, Oinherri.eus webgunearen bidez.
Jardunaldiaren egitaraua:
Azaroak 20, ostirala. Dinamoa sormen gunean.
- 09:00. Harrera.
- 09:30. Hasiera: harrera instituzionala, Azpeitiko kultur zinegotziak eta Oinherriko kideak parte hartuta.
- 09:45. Kultur hezkuntza komunitarioa irudikatzen, marko teorikoaren azalpena. Hizlariak: Ana Revuelta Artaziak kooperatibako kidea eta Iratxe Retolaza.
- 10:30. Kultur hezkuntza komunitarioago baterako adibide bat: herriko jaietako umeen eta nerabeen egunak. Hizlaria: Naiara Martin, aisialdi hezitzailean eta euskaltzean aritua eta Oinherriko kidea.
- 11:00-11:20. Atsedena.
- 11:20-12:30. Esperientzien azoka:
- Iruinkokoa: komunitatea plazara. Hizlaria: Aritz Ibañez Lusarreta, dantzaria, kazetaria eta Iruinkokoaren sustatzaileetakoa.
- Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba: Sormen eta transmisio proiektuak hezkuntza arloan: Txinaurriak, Sorginorratzak eta Laiari. Hizlaria: Amets Sorazu Agirre, Kulturaz kooperatibako sormen eta transmisio proiektuen arduraduna.
- Oiartzun: kultur politiketan parte hartzeko eskubidea. Hizlaria: Garazi Urdanpilleta Astibia, Oiartzungo Udaleko zinegotzia.
- EHZ: Nola iristen da gazte bat festibal bat antolatzeko motibazioa eta gaitasuna izatera? Hizlaria: Ainara Harotzarene eta Kattina Haran Razin, EHZko kideak.
- 12:30-13:30. Ariketa praktikoa: Zer gehiago egin dezake (udal)herriak kultur eskubideak sustatzeko? gai hartuta.
- 13:30. Itxiera.