Bihar urriaren 10a da, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna, baina Azpeitiko Osamen errehabilitazio psikosozialeko zentroaren erabiltzaileak bezperan atera dira kalera, Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta hainbat jarduera gauzatzera. Osasun mentala zaintzeak duen garrantzia gizarteratzeko helburuarekin atera dira kalera, baita "gizartean dagoen estigma" puskatu nahi dutelako ere
11:00etan Plaza Txikian elkarretaratzea eginda hasi dute eguneko egitaraua, hantxe baitute zentroa, nahiz eta herritar askok jakin ere ez dakiten, nahiz eta Osamenek 25 urte daramatza herrian. Orain dela hiru urtera arte Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean Donostiara joaten ziren, baina erabaki zuten aurrerantzean Azpeitian bertan gelditzea eta aldarriak herrian bertan plazaratzea.
Taldeko argazkia aterata bukatu dute bilkura, eta handik Azoka Plazara joan dira denak, barreterapia saiora. Manex Beristainek gidatu du saioa, eta irekia zenez, nahi duten herritar guztiek izan dute parte hartzeko aukera. Handik Sanagustin kulturgunera joango dira bazkaltzera.