Ikasteko eta trebatzeko gune bilakatu da skate parkea

Julene Frantzesena

Haur eta gaztetxo ugarik parte hartu dute arratsaldean YK Riders Fest-en barruko BMX, scooter, skate eta roller ikastaroetan. Eguraldia lagun, giro bikaina izan da skate parkean, eta datozen orduetan ere festarako bilgune izango da eremua. Izan ere, YK eta Arauntza Ridersek ekitaldi ugari antolatu dituzte datozen egunetarako.

BMX, scooter, skate eta roller zaleek ikasteko eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute gaur arratsaldean. Izan ere, YK Riders Fest-en barruan, modalitate horietan guztietan trebatzeko aukera izan dute herritarrek skate parkean. Eguraldia lagun, 17:30etan hasita, dozenaka haurrek eta gaztetxok parte hartu dute YK eta Arauntza Ridersek antolatutako ikastaroetan; talde horietako kideek gidatu dituzte saioak.

Atzo hasitako festak jarraipena izango du, gainera, datozen orduetan. Hain zuzen ere, parrillada egingo dute 20:00en bueltan, eta gero musika izango da protagonista: Chekboyz taldeak eta Bad Sound DJ setek emanaldiak eskainiko dituzte skate parkearen ondoan muntatu duten karpan.

YK Riders Festen bosgarren edizioak datozen egunetan izango du jarraipena. Izan ere, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte biharko eta etzirako ere. Besteren artean, bihar goizean enduro martxa egingo dute, eta gero, bazkaria, erakustaldia eta kontzertuak izango dira. Etzi, berriz, artisau azoka izango da eguerdi parteko protagonista, eta arratsaldean umeen bizikleta lasterketak. Erromeriarekin eta hainbat kontzerturekin borobilduko dute festa.

Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 09:00. Enduro martxa.
  • 10.30. Tailerrak.
  • 14:30. YK bazkaria.
  • 17:00. Erakustaldiak.
  • 19:30. YK parrilada.
  • 21:00. Kontzertuak: Puntapaxa, Zeker eta Ohil.
  • Ondoren, Kukuherri Records.

Etzi, igandea

  • 12:00. Artisau azoka eta marianitada. Honako artisau hauek jarriko dituzte postuak azokan:
    • DO osagarriak
    • Marabina
    • Miara Design
    • Aldaxka
    • Bel.argi
    • Ainhoa Shop
    • Belaño
    • Holz&Blech
    • Domusa Teknik 40 MLK
  • 16:00. Umeen bizikleta lasterketak.
  • 18:00. Erromeria, Garixe eta Maltzeta eta Etxaide eta Aldalurrekin.
  • 21:00. Azax.
  • 22:00. Remember, Bombax eta Patx DJak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide