Senegalgo jakiak, tokiko merkatuen garrantziaz ohartarazteko

Julene Frantzesena

Bidezko Elikadura elkarteak eta Elikaguneak antolatuta, tokiko merkatuen garrantziaz ohartarazteko saioa egin zuten atzo Azoka Plazan. Senegalgo jakiak prestatzen ikasteko eta horiek dastatzeko parada izan zuten herritarrek. 

Baserritarren ostiraletako ohiko azokan bazen atzo postu berezi bat: Bidezko Elikadura elkartearena. Elkarte horrek azoka plazen inguruko hausnarketa eta sentsibilizazio lana sustatzen ditu, eta horretarako bilgune bilakatu zen atzo Azpeitiko Azoka Plaza. Izan ere, 17:30en bueltarako hasi ziren herritarrak postu horretara gerturatzen.

Tokiko merkatuek Euskal Herrian eta Podorren (Senegalen) duten garrantziaz jardun zuten atzoko saioan, eta hain zuzen ere, jatorriz senegaldarrak diren hainbat herritar batu ziren hitzordura. Horietako batzuek beren herrialdeko jakiak prestatu zituzten, Azoka Plaza joandakoek Senegalgo platera prestatzen ikasteko eta prestatutakoa dastatzeko. Gainera, Senegalgo okra haziak etxera eramateko parada izan zuten herritarrek. 

Atzoko saioa Elikagunearekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu zuen Bidezko Elikadura elkarteak.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Elikagunea)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide