Gaur arratsaldean Agurainen (Araba) izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa –Nerea Elustondok irabazi du–, eta hitzordu hori igarota, zehaztuta dago finalaurrekoetako saio bakoitzean zein bertsolari ariko diren.
Oier Etxeberria azpeitiarra da hurrengo fasera igaro den bertsolarietako bat; izan ere, Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazita, hark finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Etxeberriak Miarritzeko (Lapurdi) Jai Alain abestuko du azaroaren 14an, zapatua, eta agertokian harekin batera izango dira Andoni Rekondo, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako sarrerak, honako lotura honetan.
Lau finalaurreko izango dira lehen bueltan, eta 24 bertsolari ariko dira nor baino nor. Horietatik hemezortzi igaroko dira hurrengo fasera, eta finalean, berriz, zortzi bertsolari ariko dira –Maialen Lujanbio zuzenean sailkatuta dago, duela lau urte txapelduna izan zelako–; Nafarroa Arenan izango da finala, abenduaren 19an.