Asteburuan bi film ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian, eta oraingoan, gainera, biak euskaraz. Batetik, umeei zuzendutako Marsupilami filma botako dute igandean, 16:30ean hasita; eta bestetik, Inurri itsuak, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan. Emanaldi guztietarako sarrerak Kulturazen webgunean daude eskuragai, baina antzokiko leihatilan bertan erosteko aukera ere egongo da emanaldi bakoitzaren aurretik.
Inurri itsuak Euskal Herrian ekoiztutako abentura filma da, Igor Legarretaren zuzendaritzapean, eta girotuta ere halaxe dago, zehazki, 1930. urtean, Bizkaian. Honela dio sinopsiak: "Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen Ingalaterrako itsasontzi bat hondoratu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jauregik zorte kolpetzat jotzen du jazoera; Josefak –Sabasen emazteak—, berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko... edo betiko kondenatzeko".
Marsupilami, berriz, Frantzian egindako animaziozko filma da. Hona hemen lanaren sinopsia: "Zooan egiten duen lanari eusteko misio arriskutsu bat onartzen du Davidek: Hego Amerikan pakete misteriotsu bat berreskuratzea. Enkarguak gurutzaontzi batera eramango du, eta hara joan da bere bikotekide ohiarekin, semearekin eta Stephane lagun baldarrarekin. Denak kontrola galtzen du Stephanek istripuz paketea irekitzen duenean eta bidaia erabateko kaos bihurtuko duen marsupilami haurtxo maitagarri bat askatzen duenean".