Maila guztietara egokitutako salsa ikastaroa eskainiko duzu. Nolakoa izango da saioa?
Ordubete inguruko ikastaroa eskainiko dut, bi zatitan banatuta. Aurreneko ordu erdian pausoak ikasiko ditugu, banaka, berotzeko; bigarren zatian, berriz, binaka jardungo dugu dantzan. Saioa erraza izango da.
Zuk noiz deskubritu zenituen areto dantzak? Eta nolatan?
2013an. Jacara (Espainia) joan nintzen lagunekin, eskiatzera, eta gau batean kalera atera ginen. Doako tailer bat egin genuen diskoteka batean, eta handik bueltatzean ikastaro batean eman nuen izena.
Urteotan areagotu egin al da areto dantzekiko interesa?
Baietz uste dut. Lehen ere jendeak jarduten zuen salsa eta batxata dantzatzen, baina agian, dantzara joaten zen jendea adinez nagusiagoa zen. Gaur egun, gazte pila bat aritzen da areto dantzetan; batxatak ekarri du, nolabait, dantza latinoen boom-a gurera.
Dantza irakaslea zara. Nolatan hasi zinen egiteko horretan?
Ez nuen aurrez sekula pentsatu dantza irakasle izango nintzenik. Behinola, nire irakaslea zenak laguntza behar zuela esan zidan, eta animatu egin nintzen. Gaur egun, eskolak ematen ditut neure kasa.
Azpeitian bada herritar pila bat dantzara batzen dituen egitasmo bat: Dantzaleku. Urtean hainbatetan elkartzen dira dantzarako Sanagustin kulturgunean. Beharrezkoak al dira halako egitasmoak?
Bai; izan ere, oraindik ere badira salsaren eta batxataren mundua ezagutzen ez duten herritarrak. Beste batzuek ezagutzen dute, baina, agian, adinez nagusiagoen kontua dela uste dute. Adin guztietako jendea aritzen da areto dantzetan, denontzako moduko jarduna da, eta halako egitasmoek ikusgarritasuna ematen diote dantzari.
Zer dira areto dantzak zuretzat?
Salsa irakaslea naiz, baina askotariko dantzak gustatzen zaizkit; egin dut batxata, kizoomba, garaikidea, klasikoa, jazz-a, hip hop-a... Dantza dena da niretzat; dantzaren arabera mugitzen naiz. Probatu nuenetik ez diot dantza egiteari utzi, eta ez daukat alde batera uzteko asmorik.
Halako saio batean lehen aldiz parte hartuko duenari zer esango zenioke?
Lotsa alde batera uzteko eta disfrutatzeko esan nahi diet herritarrei; Zalantzak alde batera utzita, gozatzera etortzeko.