Esku hutsik etxeratu dira

Aitziber Arzallus

Lagun Onakeko jokalariak, zapatuko partidaren aurretik, Oiartzungo Karla Lekuona futbol zelaian. (Lagun Onak)

Lagun Onaken bi talde nagusiek etxetik kanpo jokatu dute asteburuan, gizonek Beasainen eta emakumeek Oiartzunen, eta esku hutsik bueltatu dira biak ala biak, aurkariei bina gol sartuta, baina launa jasota. Datorren asteburuan Garmendipen ariko dira bi taldeak, zaleen babesean.  

Lagun Onaken bi talde nagusiek galdu egin dituzte asteburuan jokatutako partidak. Biek ala biek zapatuan zituzten hitzorduak, Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak Beasainen (Gipuzkoa), eta emakumeen Ohorezko Erregional Mailakoak Oiartzunen (Gipuzkoa), eta bi partidetan gauza bera gertatu zen: Azpeitikoek bina gol sartu zituzten, baina bueltan launa jaso.

Gizonek ligako seigarren jardunaldiko partida zuten zapatuan, 16:30ean, Beasaingo Loinaz futbol zelaian. Azpeitikoak oso indartsu hasi ziren, eta lehen 60 minutuetan zelaian nagusi izan ziren. Lehendabiziko gola laugarren minutuan etorri zen, Jakes Aranbarriren eskutik, eta haren ondoren, aukerak bata bestearen atzetik. Denak ez zituzten asmatu, baina 30. minutuan izandakoa bai; Iliasek sartu zuen Lagun Onaken bigarrena.

Atsedenaldian pare bat jokalari aldatuta, bigarren zatian beste jarrera batekin zelairatu ziren etxekoak, eta 60 minutuan Bastidaren atea zulatzea lortu zuten. Handik aurrera, min handia egin zieten Azpeitikoei. 68. minutuan sartu zieten bigarren gola, eta 90 minutuak igarota, Beasaingoek luzapenean erabaki zuten partida, beste bi golekin. Horrenbestez, 60 minutuz oso ondo jokatu arren, partida 4-2 galduta eta punturik gabe etxeratu zen Jose Luis Riberak gidatzen duen taldea. 

Datorren asteburuan Azpeitikoek Durangokoen aurka neurtu beharko dituzte indarrak, baina etxean, eta zaleen babesean.

Emakumeek, berriz, ligako laugarren jardunaldia izan dute asteburuan. Zapatu arratsaldean jokatu zuten haiek ere, baina gizonek baino beranduxeago –18:45ean hasita–, Karla Lekuona futbol zelaian. Lehen minututik azkenengora, partida zaila izan zen Aitor Larburuk gidatzen duen taldearentzat. Lehenengo zatian, etxeko taldearena izan zen baloiaren jabetza, ia erabatekoa, eta Lagun Onakeko jokalariek aurkariengan presioa sortu nahian igaro zituzten 45 minutuak. Atsedenaldira hutsean berdinduta iritsiko zirela zirudienean, ordea, lehen kolpea eman zieten Oiartzungoek, zentraletako bati baloia kendu eta lehen gola eginda. 

Bigarren zatian ere presioa egiten jarraitu zuten Lagun Onakeko jokalariek, baina lehen zatian baino gorago; horrela, Oiartzuni gehiago kostatzen zitzaion baloia mugitzea. Aurki etorri zen, ordea, Azpeitiko taldearen gainbehera. Bost minutuan hiru gol jaso zituen, 60.ean aurrena, 64.ean bigarrena eta 65.ean hirugarrena, eta lau golen abantaila pilatu zuen etxeko taldeak. Hala ere, Larbururen jokalariek ez zuten amore eman, eta bukaerara arte lanean jarraitu zuten, garaipenarekin ez bazen ere, gutxienez emaitza txukunagoarekin etxeratzeko; eta hori lortu zuten. Joane Kortak sartu zuen Lagun Onaken lehen gola 88. minutuan, eta Maria Sorazuk egin zuen bigarrena, 90.ean. 

Datorren asteburuan Goierri Gorri hartuko dute etxean. Igandean izango da partida, 17:30ean hasita, Garmendipe futbol zelaian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide