Kaixo denoi:
Eskerrak eman nahi dizkizuet, Asierren eta neure izenean, Imanolen liburu edo nobela hori [Hamaika egun Azpeitian] zela-eta Enparango Liburutegira aurkezpen egun horretara joan zineten guztioi. Eta esan behar dut, liburua irakurri ostean, asko izan zaretela era batera edo bestera esker onak eta zorionak eman dizkidazuenak. Esan behar dizuet esker eta zorion horiek guztiak ondo tolestatu eta Imanoli bidaliak izan zaizkiola, eta berak ere eskertuko dizuete, dagoen tokian dagoela. Nik ezagutzen nuen bezala ezagututa, badakit bere masailak pozezko malkoz bustirik egongo direla.
Bide batez, nik zuri, Imanol, barkamena eskatu nahi dizut. Nik, zuk dakizun bezala, pentsatu nahi dut jakingo duzula zure liburuak, paperak eta abar, denak Enparango Dorretxera eraman zituztela. Eta garai hartan begiratu ere ez nien egin, ez nuen begiratzerik ere nahi, eta hor egon zen nire errua: ez irakurri izana. Horren ondorioz, joan den urtean, hamahiru urte eta gero Beatriz Aranbarrik, bertako langilea denak, esku artean hartu eta nik neuk egin behar nuena egin zuen berak: paperak irakurri. Eta hor egon zen nire akatsa. Aspaldi kaleratua egon behar zuena aurkitu, etxera ekarri eta irakurri ondoren, Jose Luis Otamendiri pasatu nion bere iritzia jakiteko. Iritzi ona eman zidan, eta horrek bultzatuta, gero dena prestatu egin behar zen, eta hemen esan behar dut Pello Elorzak lan handia egin zuela. Hala esan zidan, Imanolengatik gustura egingo zuela lan hori.
Eskerrak bihotz-bihotzez Beatriz Aranbarriri, Jose Luis Otamendiri eta Pello Elorzari, eta nola ez, Azpeitiko Udalari ere bai, eman didaten laguntza guztiagatik.
Besarkada bat denoi.