Tokiko merkataritza jasangarria sustatzeko kanpaina egingo dute Azkoitian eta Azpeitian

Julene Frantzesena

Bertan eta Herrixen elkarteetako kideak nahiz Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. (Utzitakoa)

Urriaren 19tik 25era bitartean, opari jasangarriak eskuratu ahal izango dituzte bi herrietako saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek. Oparien bidez kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatu nahi dituzte merkatariek.

Urriaren 19tik 25era bitartean Azkoitiko eta Azpeitiko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek opari jasangarriak eskuratu ahal izango dituzte. Tonbola sistema erabiliko dute sariak banatzeko; zehazki, erosketak egitean boletoak banatuko dizkiete bezeroei, eta boleto horietan ikusi ahal izango dute saririk egokitu al zaien. 

Sarien artean egunerokoan berrerabil daitezkeen produktuak egongo direla azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek, hala nola kafea eramateko termoa edo jakiak eramateko zorroak. Opari horien bidez kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatu nahi dituzte merkatariek, erabili eta botatzeko produktuak behin eta berriz erabil daitezkeenekin ordezkatu.

Kanpainaren xedea da tokiko merkataritza jasangarria bultzatzea. Izan ere, Azkoitiko Herrixen eta Azpeitiko Bertan merkatari elkartekoen nahiz Iraurgi Berritzen garapen agentziakoen hitzetan, herriko saltokietan erosteak gertuko ekonomiari laguntzen dio eta kaleei bizia ematen dieten negozioei eusten lagundu. Aurtengoan, gainera, jasangarritasuna jarri dute kanpainaren erdigunean, herritarrak erosketak egiteko moduaz nahiz ohiturez hausnartzera gonbidatzeko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide