Ainhoa Goenaga: "Nire alderdi sortzailea deskubrimendu bat izaten ari da neuretzako ere"

Aitziber Arzallus

Ainhoa Goenaga. (Mery DA)

Duela aste batzuetatik Interneten entzungai dago Amets hura, Ainhoa Goenagaren (Azpeitia, 1997) aurreneko abestia. Ustekabean harrapatu ditu ingurukoak ere, ez baitzuten kanturako duen zaletasunaren berri. Aurrerantzean, ordea, litekeena da Goenaga abesten entzuteko aukera gehiago sortzea, lehen urratsa eginda, hasi berri duen bidean jarraitzeko asmoa baitu.

Orain arte ezkutuan eraman al duzu kanturako zaletasuna?

Kantatzea betidanik gustatu izan zait, baina nire alderdi sortzaileari inoiz aukerarik eman gabea nintzen. Iazko irailean antzerkian hasi nintzen, eta azaroan kantu eskolak hartzen. Idatzi lehenagotik ere egiten nuen, baina sekula ez nien hitzei melodiarik jarri. Nire parte sortzaileari aukera ematearen ondorioz, ordea, buruan nuen melodia bati hitzak jartzen hasi nintzen urtarrilean, eta horrela sortu nuen Amets hura. Egun bakar batean egin nuen osorik, hasi eta bukatu. Harrezkero, abestiak sortzen joan naiz eta horiek kantuko eskoletan lantzen. Aukera sortu zitzaidan abestietako bat irakaslearen laguntzarekin grabatzeko, eta erabaki nuen Amets hura grabatuko nuela, niretzat hasiera irudikatzen duelako. Hau guztia deskubrimendu bat izaten ari da neuretzako ere, ezkutuan nuen alderdi bat azaleratzea; sorpresa izan da, neuretzat eta ingurukoentzat.

Hitzak zureak dira eta musikarekin irakasleak lagundu dizu. Nola joan da prozesua?

Bitxia izan da. Idatzi betidanik egin izan dut eta beti izan dut gogoa idatzitako horri doinua jartzeko, baina Amets hura-ren kasuan, eta beste kanta batzuenean, alderantzizko bidea egin dut: aurrena melodia sortu, eta gero hitzak. Amets hura-ren melodia bizikletan nindoala etorri zitzaidan burura, eta hari hitzak jartzen joan nintzen, ateratzen zitzaizkidan bezala. Bukatu nuenean, neu gelditu nintzen harrituta, eta etxekoei bidali nien. Amets hura sortzeak ordura arte blokeatuta izan nuen zati bat desblokeatzea-edo ekarri zidan, eta haren atzetik beste hainbat abesti egin ditut.

Zer sentitu zenuen zure abestia Interneten entzungai jarri zenuen momentuan?

Ekainaren hasieran grabatu genuen, eta ekainaren bukaeran erabaki nuen argitaratzea. Pauso hori eman nahi nuen, oso motibatuta nengoen eta ilusioa zen dena, baina eguna gerturatzen ari zen bezala, beldur eta zalantza asko sortu zitzaizkidan, espero nituenak baino gehiago. Hala ere, banekien aurrera egin behar nuela.

Zer moduzko harrera izan du abestiak?

Harrera ona, esango nuke. Etxekoek eta gertukoek zer pentsatzen zuten aurrez ere banekien, eta kalean nigana etorri direnek gauza onak bakarrik esan dizkidate. Badakit bestelako iritziak ere izango dituela jendeak, normala den bezala, baina neuri ez dizkidate helarazi. Hasierako urduritasunak pasatuta, orain lasai eta gustura sentitzen naiz.

Beste kantak ere grabatzeko eta argitaratzeko asmoa al daukazu?

Beste abestiek hitzak eta melodia badituzte, baina parte instrumentala falta zaie. Lagunen batekin hizketan ari naiz kanturen batean laguntzeaz, kantuko eskolak hartzen ere orain hasiko naiz berriz... Ikusiko dugu gauzak nola joaten diren, baina badaukat bidean norbait azalduko den konfiantza. Gustatuko litzaidake kantu horiek ere grabatzea eta argitaratzea, baina ez da neure buruari jarri diodan helburu bat. Kantuko eskoletara gustura joaten jarraitu nahi dut, kantuak egiteaz disfrutatzen eta, prozesu honi esker, neure burua hobeto ezagutzen. Kantuak argitaratzea, helburu bat baino gehiago, prozesu honen ondorio izango da.

Zer izaten duzu inspirazio iturri?

Gehien gustatzen zaizkidan abestien kasuan, lehendabizi doinua etorri zait eta gero horri hitzak jartzen joan naiz. Hortaz, hitzak ez dira bilatutakoak edo une zehatz batean pentsatuz egindakoak izan. Aurrena hitzak eta gero doinua sortu ditudanetan, aldiz, une edo egoera zehatzak izan ditut buruan, horietako bakoitzean nigan piztu dena, eta horietatik ikasi dudan dena. Kantuak dira hori guztia lurrera jaisteko modu bat, bizitako prozesuei hitzak jartzeko era bat.

Zer gai jorratzen dituzu?

Urteak pasatu ditut dena arrazoitzen, behar adina sentitu gabe, eta alde sortzailea deskubritu ahala, bihotza ere irekitzen joan zait. Horretaz hitz egiten dut abestietan, tartean pertsonen arteko harremanez ere bai, eta buruak dioenaren gainetik barruak agintzen diguna egitera bultzatzen duten mezuak dira. Oro har, ez dira pertsona jakinei zuzendutako abestiak, bat izan ezik; martxoan joan zen izebari eskainitakoa da bat, niretzako oso berezia.

Eroso sentitzen al zara idazten eta kantatzen?

Idazten oso eroso; kantatzen, aldiz, gutxiago.

Ba al daukazu artistaren bat eredutzat?

Sortzerakoan, ez. Zea Mays edota Vetusta Morla asko gustatzen zaizkit, daukaten indarragatik, baina ez zait iruditzen nire estiloak eta haienak antzekotasunik dutenik.

Hasi berri duzun bide honetan, noraino iritsi nahi zenuke?

Urtarrilean, Amets hura sortu nuenean, ez nuen pentsatzen argitaratuko nuenik, eta begira. Ez daukat ezertarako presiorik, ezta helburu zehatzik ere. Ikasten eta garatzen jarraitzera irekita nago, eta etorri behar duena etorriko den konfiantzarekin. Kantatzen jarraituko dut, sormena lantzen eta irteten zaidanari bide ematen, eta prozesuaz gozatzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide