Azpeitiko Udalak bukatu ditu Euskal Herria auzoko 49 eta 13 zenbakidun etxeen arteko eremua berdegune bilakatzeko lanak. Izarraizpe haur eskolaren ondoan bi mila metro koadro inguruko eremua eraldatu du erakundeak, espazioa naturalago eta atseginago egiteko. Izan ere, nahikoa utzita izan da auzoko gune hori azken urteetan.
Berdegunean atseden hartzeko eserlekuak jarri dituzte, estalpean, eta udalaren arabera, bero handia egiten duen egunetan aterpe klimatiko funtzioa izango du eremuak. Halaber, oinezkoen nahiz bizikleten mugikortasuna hobetzeko neurriak ere hartu ditu erakundeak. Hain zuzen ere, Euskal Herria auzoaren nahiz Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorriaren arteko aldapa zabaldu dute, irisgarri bihurtzeko.
Obrak baliatu dituzte, bestalde, Izarraizpe haur eskolaren berdegunea handitzeko. Ondorioz, hara joaten diren umeek kanpoan jolasteko espazio gehiago izango dute aurrerantzean. Orotara, 165.500 euroko aurrekontua izan du proiektuak.