Asteklimaren barruan, hainbat ekintza egingo dituzte Azpeitian

Ihintza Elustondo

Azpeitian Klima Azoka egin zutenean hartutako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, izango da urriaren 16tik 25era. Azpeitian hainbat saio egingo dituzte aste horri lotuta, Ekoetxean, eta urriaren 23an Klima Azoka izango da, plazan. 

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea izango da urriaren 16tik 25era bitartekoa, eta aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza izango dira Azpeitian, Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da lelopean. Klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarren inplikazioa indartzea dira egitasmo horren helburuak.

Azpeitian Asteklimari lotuta egingo dituzten ekintza guztiak Ekoetxean izango dira, Klima Azoka izan ezik. Urriaren 17an, larunbata, barreterapia saioa egingo dute, Itsasoa zure barruan hasten da izenburupean. 16:00etan hasiko da umorea ardatz duen saioa, eta adin guztietako herritarrak bertara daitezke.

Hurrengo egunean, igandez, Koxinatu izeneko sukaldaritza tailerra egingo dute, udazkeneko zaporeen ingurukoa, 10:30ean hasita. Bertako eta sasoiko produktuekin egindako sukaldaritzaren balioa familian ezagutzeko aukera izango dute partaideek. Egun berean, baina arratsaldez, 16:00etan hasita, Terminus: aldaketaren escape boxa izeneko saioa egingo dute, helduei zuzenduta. Parte hartzaileek honako erronkari erantzun beharko diote: "Gure planetaren kolapsoa saihesteko gai zara? Zatoz, beranduegi izan baino lehen...".

Urriaren 23an, ostiralez, Ekoetxetik kalera aterako dira. Hain zuzen ere, Klima Azoka egingo dute, herriko plazan. Esperientzia interaktiboa izango da, herritarrak mobilizatzeko, hezteko eta klima aldaketaren aurrean jarduteko beharraren inguruan kontzientziatzeko prestatua. Zazpi karpa jarriko dituzte, eta horietako bakoitzak klima aldaketaren alderdi desberdinak landuko ditu. 10:00etatik 18:00etara egongo da azoka zabalik, eta edonor bertara daiteke.

Azkenik, urriaren 24an, larunbatez, Ekoetxearen ondoan jarrita dagoen Ibar basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua aldi baterako erakusketa baliatuz, ibar baso ekosistemek duten garrantziaz jabetzeko bisita gidatua egingo dute. Erakusketak ibar basoaren inguruko informazioa ematen du, eta teorian murgildu ostean, ekintzara pasatuko dira: Urola ibaiaren inguruan ibilbide gidatua egingo dute. Helduei zuzendutako saioa da, eta 10:30ean elkartuko dira, Ekoetxean.

Izen ematea zabalik

Klima Azoka ezagutzeko ez, baina gainontzeko ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, ekoetxea.eus atarian, parte hartzaile kopurua mugatua baita. Horrez gain, urriaren 17an, 11:00etatik 14:00etara, Ekoetxera bertaratzen diren familiek egurrezko jolas erraldoien bilduma batez gozatu ahal izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide