67 gidarik jokatuko dute 44. Urrakiko Igoera igandean

Ihintza Elustondo

Urrakiko Igoeraren antolatzaileak, partaideak eta sustatzaileak. (Ihintza Elustondo) 

Motorrak dardarka jarriko dituzte igandean hainbat pilotuk, Urrakiko Igoera jokatuko baitute 44. aldiz. 67 gidarik eman dute izena Euskadiko eta Gipuzkoako mendiko txapelketetako azken proban, eta tartean, bertako pilotu ugari izango dira. Monoplazetan Joseba Iraola eta turismoetan Aitor Zabaleta nahiz Iñaki Alberdi dira txapela janzteko hautagai nagusiak. Hiru emakume lehiatuko dira aurten. 

Iristear da automobilismoaren munduan inguruotan egiten den proba ezagunenetako bat. Izan ere, Bosteko eskuderiak antolatuta, Urrakiko Igoera egingo dute igande honetan 44. aldiz. 10:00etan hasiko da Euskadiko eta Gipuzkoako mendiko txapelketetarako azken proba puntuagarria. Parte hartzaileek sei kilometro baino gehiago dituzten aldapak hiru aldiz igo beharko dituzte: entrenamendu batean eta bi saio ofizialetan. Guztira, 67 gidarik eman dute izena proban, eta antolatzaileek iragarri dutenez, monoplazetan Joseba Iraola eta turismoetan Aitor Zabaleta nahiz Iñaki Alberdi dira txapela janzteko hautagai nagusiak.

Monoplazetan, Nova NP-01 autoarekin lehiatuko da Joseba Iraola. Balmasedako (Bizkaia) gidariak aurten Europako Mendiko Txapelketan 2-1. mailan irabazi du, eta, gainera, seigarren aldiz Espainiako Estatuko txapela lortu du. Horrek hainbat proba galduarazi dizkio Euskadiko Txapelketan, datak bat etorri direlako. Hala ere, Azpeitian egon nahi izan du, zaleei ikuskizuna eskaintzeko. Egungo Euskadiko txapelduna den Aitor Mansok (Talex M4) Josu Beitiarekin (Speedcar GT-R) jokatuko du aurtengo txapelketa; beraz, lehia izango da beraien artean. Iñaki Jauregi iparraldeko pilotari ohiak, Unai Arretxek (Speedcar GT1000) eta Iker Bilbaok (BRC-02) osatzen dute bakarkako zerrenda.

Turismoen artean, bi izango dira aurtengo faboritoak: Aitor Zabaleta, egungo Euskadiko txapelduna, bere BMW M3 E46 autoarekin, eta Iñaki Alberdi azpeitiarra, Porsche 911 GT3 autoarekin. Lasterketaren aurkezpenean parte hartu du Zabaletak, eta hark adierazi du saiatuko dela Alberdiri aurrea hartzen. Euria dago iragarrita, eta eurizalea da Zabaleta; beraz, ikusiko da zer gertatzen den. "Urraki asko gustatzen zait. Bertan egin nuen debuta, eta berezia da niretzat", esan du. Faboritoen artean bi izen nabarmendu dituzten arren, Ibon Otaegi ere garaipenaren lehian sartzen saiatuko da, BMW M3 E46 autoarekin. Eneko Goiriena M3 motorra duen BMW E30 indartsu batekin lehiatuko da, oso ondo prestauta dagoena. Gurutz Agirretxe, bestalde, BMW 1M autoarekin lehiatuko da, eta Lebeiti Renault Clio N5arekin.

Bertako pilotuak

Urrakin, urtero bezala, aurten ere inguruko pilotu asko izango dira: guztira, hemezortzi parte hartzaile dira Azpeitikoak eta inguruko herrietakoak. Honako hauek dira Azpeitikoak: Iñaki Alberdi, Ibon Otaegi, Gorka Otaegi, Aratz Buldain, Ioritz Buldain, Eneko Alkorta, Iñigo Larrañaga, Gari Zubizarreta, Eneko Olaizola, Maria Aranberri, Enaitz Etxeberria eta Josu Mate. Azkoitikoak dira, berriz, Josu Beitia, Iraitz Olariaga eta Xabat Egurza. Errezildik bertaratuko da Gurutz Agirretxe, Bidania-Goiaztik (Gipuzkoa) Unai Artola eta Zestoatik Mikel Txapartegi. Antolatzaileek azaldu dute bertakoak "gero eta gehiago" direla, eta azken edizioan bezala, horien artean ondoen aritzen denak bertakoen kopa eskuratuko duela. 

Aurten, hiru emakume lehiatuko dira Urrakiko Igoeran: Maria Aranberri herritarraz gain, Nahikari Urkiola eta Miren Martinez pilotuak, hain zuzen ere. Emakumeen kopurua gora egiten ari dela eta, pozik agertu dira antolatzaileak. Aranberrik adierazi du "ondo pasatzea eta etxera osorik itzultzea" direla bere helburuak, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei urtez urte egiten duten ahaleginagatik. 

Igandean, 09:00ak aldera itxiko dute errepidea, nahiz eta beharrezkoa izanez gero ordua aurrera daitekeen. Entrenamendu saioa 10:00etan hasiko da, eta antolatzaileek herritarrei eskatu diete ordu erdi lehenago tokia hartzeko, pilaketak saihesteko. Haien arabera, igoera luzea da, sei kilometro baino gehiago ditu, eta nahikoa leku dago jendea jartzeko. Urteroko gisan, hartu beharreko segurtasun neurriak gogora ekarri dituzte: komisarioei kasu egin, ez jarri toki arriskutsuetan, ez aparkatu ibilbidean eta zaborra jaso. Ondoren egingo dituzte bi manga ofizialak; bakoitza bere aldetik puntuagarria izango da Euskadiko txapelketarako. 

Egiaztapenak larunbatean

Egiaztapenak larunbat arratsaldean egingo dituzte; egiaztapen administratiboak Garoa tabernan, eta teknikoak Azpeitiko Epaitegietako plazan. 15:00etatik aurrera, parte hartzen duten ibilgailuen segurtasun neurriak proban parte hartu ahal izateko araudiaren araberakoak direla aztertuko dute Euskadiko Automobilismo Federazioko teknikariek.

Era berean, lasterketa etxetik jarraitu nahi duten zaleek fotomotor.es atarian izango dituzte denbora guztiak, auto bakoitzak helmuga zeharkatu bezain pronto. 

Maria Aranberri gidaria, Jon Oteiza Kirol zinegotzia, Gorka Del Cid Bostekoko kidea, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidentea eta Aitor Zabaleta gidaria. (Ihintza Elustondo)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide