Aurrera jauzi egiteko, atzekoa gogoan

Nerea Uranga

Urola Kostako Gure Eskuko ordezkariak, 2016ko ekainaren 5eko herri galdeketan. (Guka)

Azpeitiko Gure Eskuk orain dela hamar urteko galdeketaren bueltako giroa gogoratu du, baita urriaren 25erako Euskal Herriko zazpi hiriburuetan antolatu duten Zazpi jauziz, herri bat herri ekimenean parte hartzera deitu ere.

Hamar urte atzera eginda, testuingurua eta egoera beste modu batekoak ziren. Erronkak eta ilusioak beste batzuk. "Hamar urte igaro diren arren, atzo izan zen", dio Azpeitiko Gure Esku herri ekimeneko kide Joxerramon Arrietak. 2016ko ekainaren 5ean, independentziaren gaineko herri galdeketa egin zuen Hitzartuk Azpeitian: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?, galdetu zien egun hartan herritarrei. 4.781 pertsonak eman zuten botoa Azpeitian, eta honakoak izan ziren emaitzak: 4.524 herritarrek (%94,56) baietz bozkatu zuten, 188 pertsonak ezetz, (%3,98); 52 boto (%1,1) izan ziren baliogabeak, eta 17 boto (%0,36) zuriak. Azpeitikoaren egun berean, Euskal Herriko beste 33 udalerritan ere egin zituzten galdeketak. Urola Kosta eskualdeko beste zortzi udalerritan –Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia–, berriz, ia urtebete geroago eman zuten iritzia herritarrek euskal estatuaren inguruan, 2017ko maiatzaren 7an.

Aurretik, 2014an, Gure Esku Dagok deituta, Durango (Bizkaia) eta Iruñea artean 123 kilometroko giza kate jendetsua osatu zuten milaka herritarrek; besteak beste, Katalunian independentziaren inguruko herri galdeketa handia egin zuten urte berean. Testuinguru politikoa halakoa izanda, gizartea bor-bor zegoen. Hala, herri osoa astindu eta dantzan jarri zuten orduko Gure Esku Dagoren Azpeitiko taldekoek eta herri galdeketa antolatzeko akuilu izan zen Hitzartu elkarteak. "Herritarrak eta eragileak herri galdeketara begira jartzeko lan handia egin zen, ehunka pertsonak parte hartu genuen horretarako", hala gogoratu du Azpeitiko Gure Eskuko kide Miren Odriozolak herri galdeketa egiteko antolaketa.

Herri galdeketaren aurretik eta erabakitzeko eskubidearen alde eragileek antolatuta egindako ekitaldiak ekarri ditu gogora Arrietak: "Ekonomia, lurraldetasuna, arlo juridikoa eta abar gai hartuta, hitzaldi ziklo bat egin zen Sanagustin kulturgunean, Kalezka pilota txapelketa egin zen, Erabakifest! musika jaialdia, beteranoen arteko hiruko futbol txapelketa, Kriseiluen Gaua, belaunaldi eta adin guztietako herritarrek eta herriko hamaika eragilek parte hartu zuten lipdub edota kalejira jendetsua Alde Zaharrean...". Giro hori guztia egosteko denbora behar izan zela ere gogoratu du. "Lan handia egin zen, zerrenda osatu eta banan-banan hitz egin genuen eragile bakoitzarekin, aurkezpen jendetsu bat egin genuen Soreasu antzokian herri galdeketaren parte hartzearen inguruan. Heltzen eta heltzen, mamitzen, joan zen egitasmoa herri galdeketara arte. Herri ekimenak izan zuen erantzunarekin oso gustura gelditu zen herria, ilusioa sortu zuen, eta hori gogoraraztea polita da, baita ez dakitenek jakiteko ere".

"Memoriaren parte"

Orain dela hamar urteko independentziaren inguruko herri galdeketa hura Azpeitiko herriaren memoriaren parte da, Gure Esku taldekoen arabera. "Hainbat belaunalditako pertsonek parte hartu zuten antolatutako ekitaldietan, bakoitzak izango ditu orduko bere oroitzapenak, bizipenak edota sentipenak", azaldu du Arrietak. "Ikurrina atera zeneko aurreneko aldia-eta gogoratzen diren bezala, Azpeitian independentziaren inguruan egin zen lehen herri galdeketa hura ere herriaren memoriaren parte da".

Giroa, egoera, bestelakoa izan arren, eta hamar urteotan erronka berriak sortu arren, txindurri lanean segitzen du Gure Eskuren Azpeitiko lantaldeak. "Gure Eskuk lanean segitzen du; Azpeitian saninazioetan eta egun jakinetan gure ikurrak ateratzen ditugu, ikurrina eta Nafarroako bandera handiak jartzen ditugu ikusgai herriaren inguruko zelaietan. Bestalde, Gure Eskuk nazio gisa etorkizunerako jauzia irudikatzeko urriaren 25erako Zazpi jauziz, herri bat herri ekimena antolatu du Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Herritarrak ekintza horretan parte hartzera deitu nahi ditugu". "Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu", dio esaera zaharrak. Gure Eskuren Azpeitiko taldekoek hala diote: herrian eta herritarrek egindakoa ahaztu gabe, herri gisa etorkizunari aurre egiteko lanean segitzen dute.

"Etorkizunerako jauzia"

Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Donibane Garazin, Maulen nahiz Baionan, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauziz, herri bat herri ekimen bateratua antolatu du Gure Esku mugimenduak urriaren 25erako. Zazpi hiriburuetan, eguerdiko hamabietan, Zazpi jauzi dantzatzeko deia egin die herritarrei. Modu horretan, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean mobilizatuko da Gure Esku. Dantzatuz, Euskal Herriaren "etorkizunerako jauzia" egin nahi du, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko "nazio sena biziberritzea" helburu duelarik herri ekimenak.

Irati Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileek joan den hilaren bukaeran aurkeztu zuten urriaren 25eko zazpi hiriburuetako ekimena, Bilbon. Alvarezek XXI. mendeak dakartzan "erronka erraldoiak" aipatu zituen aurkezpenean: "Klima aldaketa, joera demografikoak, erronka energetikoa, migrazio dimanikak, adimen artifiziala, geopolitikaren gorabeherak... eta hori dena planteamendu eta diskurtso errakzionarioak indartzen ari diren testuinguru batean gertatzen ari da". Gure Eskuk "argi" du testuinguru horri guztiari Euskal Herriak ere aurre egin behar diola: "Euskal herritarrok geure nazio sena biziberritu behar dugu, gure lurraldeen arteko kohesioa indartu behar dugu eta burujabetza tresnak eskuratu behar ditugu".

Horregatik guztiagatik, urriaren 25ean plazara atera eta nazio gisa jauzi hori irudikatu nahi du Gure Eskuk. "Dantzaren bidez egingo dugu, elkarrekin, komunitatea eginez", azpimarratu zuen herri ekimenaren aurkezpenean Etxaburuk. "Etorkizunari begiratu nahi diogu, eta etorkizuneko erronkei erantzun nahi badiegu, ezinbestekoa dugu nazio gisa jauzi bat egitea, iragana garelako, orainaldia ere bai, eta batez ere, etorkizuna garelako", gaineratu dute Gure Eskukoek, herritarrak urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo duten Zazpi jauziz, herri bat ekimenean parte hartzera gonbidatuz.

Urriaren 25ean Zazpi jauziz, herri bat herri ekimena, 12:00etan, honako toki hauetan egingo dute Gure Eskukoek: Donostian, Plaza Berrian; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren Plazan; Bilbon, Arriaga plazan; Baionan, Askatasunaren Plazan; Donibane Garazin, Merkatu Estalian; eta Maulen, Maule Gaineko Arrabotüan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide