Kanpin dendez beteta dago Mendietxearen museoaren aurreko belardia, gertu duten jardunaldi berezia iragarriz. Izan ere, mendizaletasunari lotutako Azpeitiko museoaren bigarren zatia irekiko dute larunbatean, urriaren 17an. Proiektuaren bigarren fasea bukatuta, "jauzi kualitatibo handia" emango dela adierazi dute Mendiaren Etxea elkartearen egitasmoa gidatzen duten Alex Txikon alpinistak eta Soraluze Elorza familiak.
Ate irekien jardunaldi berezia egingo dute larunbatean, eta igandean, berriz, egun osoan zehar bisita gidatuak egingo dituzte. Bisitetan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman beharko da honako formularioa beteta. Sarrera doakoa izango da bi egunetan. Asteburuko jardunaldi berezia tarteko, Mendietxe museoa itxita egongo da. Alegia, aldez aurretik bisitetarako izena ematen dutenek bakarrik bisitatu ahalko dute museoa.
Eusko Jaurlaritzako Turismo sailaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako nahiz Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailen babesa du Mendietxe museoaren egitasmoak. Azahara Dominguez diputatuak "mendiarekiko pasioa" sentitzen dutenak, Mendietxe ezagutzera eta museoak eskaintzen duen "espazio paregabeaz" gozatzera gonbidatu ditu, "modu harrigarrian mendizaletasunaren mundu zirraragarrian murgiltzen zaituelako", adierazi du. “Murgiltze esperientzia bat da, gure planetako tontor ikonikoenetako batzuetarako espedizioen parte sentiarazten zaituena”, nabarmendu du diputatuak. “Mendia ez da soilik gure paisaiaren zati garrantzitsu bat, lurralde gisa dugun identitatearen, historiaren eta bizitza ulertzeko eta inguratzen gaituen naturarekin erlazionatzeko moduaren parte da. Mendietxek bikain transmititzen ditu balio horiek, hala nola gainditze pertsonala, pertseberantzia, talde lana edo gurea zaintzea, eta horiekin nahi dugu munduak gu ezagutzea ”, gaineratu du Dominguezek.
2024ko azaroan ireki zuten Azpeitian Mendietxe museoa, nazioarteko alpinismoaren eta mendizaletasunaren historia zaintzeko, zabaltzeko eta ezagutarazteko asmoarekin. Orain, museoaren bigarren fasea irekita, museoak bisitariei "esperientzia murgiltzaileagoa, emozionalagoa eta parte hartzaileagoa" eskainiko diela adierzi dute Mendietxeren arduradunek.
Hiru solairutako espazio berria
Mendietxe Museoaren bigarren fasea hiru solairutan banatuta dago, 1.100 metro koadro baino gehiagoko espazioa irekiz publikoari. "Ondare historikoa, berrikuntza teknologikoa eta eremu murgiltzaileak uztartzen dituen ibilbidea da bigarren fasean proposatuko dena, eta bisitariari alpinismoaren errealitatea ikuspegi emozional, hezitzaile eta sentsorial batetik hurbilduko zaio", erantsi. dute museoaren arduradunek. Adibidez, hirugarren solairuan, bisitarientzako ikus-entzunezko esperientzia murgiltzaile eta ikusgarria eskainiko dute, 60 metro koadro baino gehiagoko LED pantailaz hornitutako ganga berezi baten azpian.
Museografia proiektu berriak, gainera, historia, ezagutza eta emozioa uztartzen dituzten gune tematikoak bildu dituela esan dute Mendietxekoek. "Horien artean, nabarmentzekoa da liburutegi espezializatu bihurtutako ermita bat, ikerketara eta hausnarketara bideratutako txoko bat, eta mendiaren historiarekin lotutako argitalpenak, dokumentuak eta materialak jasoko dituen gunea", aipatu dute adibide gisa. Gune horretara bisita gidatuen bidez joan ahal izango da, bere izaera berezia babestu nahi dutelako.
Beheko solairuan, berriz, Mendietxe museoko "esperientziarik berritzaileenetako bat" bizitzeko aukera izango dela aurreratu dute proiektuaren sustatzaileek, bisitariei goi mendietako espedizio baten tankerako esperientzia bizitzeko esperientzia eskainiz: "Bisita gidatuen bidez, publikoak zero azpitik 20 gradutan birsortutako benetako hozkailu-ganbera batera sartzeko aukera izango du, alpinistek goi-mendiko espedizio handietan pairatzen dituzten baldintzak modu errealistan bizitzeko. Esperientziak irauten duen bitartean, bisitariek muturreko hotza eta elur-gaitz baten indarra sentituko dituzte, eta alpinistek zein himalaistek erabiltzen duten material teknikoarekin jantzi ahal izango dira, planetako ingurunerik gogorrenetan moldatzeak dakarren eskakizun fisikoa eta psikologikoa hobeto ulertzeko".
Egitaraua:
Urriak 17, larunbata
- 11:00. Harrera.
- 11:30. Aurkezpen instituzionala.
- 13:00. Bisita gidatua, museoaren bigarren fasera.
- 13:00. Masa Madre taldearekin, musika girotzea.
- 14:00. Koktela.
- 14:00. Diablues & Bluecifer Band taldearen eskutik musika girotzea.
- 17:00. Primeras ascensiones documentadas a la Pique Longue del Vignemale y al Aneto liburuaren aurkezpena. Egileak: Agusti Falcon eta Alberto Boza. (Cordillera Cantabrica argitaletxea).
- 18:00. Alpinismoaren erreferentei omenaldia.
- 19:00. Azkaiter Pelox Band taldearen eskutik musika girotzea.
- * Ate irekien jardunaldiak urriaren 17an arratsaldez eta hilaren 18an egun osoan egingo dituzte. Horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.